
Trintxerpe-San Pedro, Donibane eta Antxoko ludotekek 2011-12 ikasturtearen bigarren zatirako izen-emate epea zabalik dute oraindik ludoteketako bazkideak ez diren haurrentzat.
Zerbitzu hau 4-12 urte arteko haurrei zuzendua dago. Udalaren Gazteria eta Kirola Departamentuaren menpe dago eta Kantauri Ludiko Elkarteak kudeatzen du. Udalerrian oso harrera ona du; izan ere, 230 haur inguru orain arte arratsaldero ludotekek prestatzen duten eskaintzaz gozatzen ari dira.
Gizarte- eta hezkuntza-ekipamenduak dira, haurrek topaketarako eta jolaserako leku bat izan dezaten; gainera, euskara landu eta gizarteratzea gara dezakete. Ildo horretan, haurrak modu sortzailean garatzeko, lagun berriak egiteko, irudimena estimulatzeko eta, partekatuz, jokoez arduratzeko aukera ematen duten espazioak ere badira.
Aldi berean, haurrek eskolan ikasten duten euskara aberasteko helburua dute, izan ere askotan ez dute handik kanpo hitz egiteko aukerarik izaten.
Jolas-jarduera ugari egiten dira ludoteketan; esaterako, jolas askeak, mahai-jolasak, lantegiak, txotxongiloak, txangoak, jolas- eta liburu-mailegua, etab.
Hiru zentroek ekaina arte izango dituzte ateak zabalik, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 18:30era 4-8 urtekoentzat, eta 18:30etik 20:00etara 8-13 urtekoentzat. Larunbatetan ere zabalik izango dituzte ateak, 11:00etatik 13:00etara adin guztientzat.
Otsailetik ekainerako bigarren zati honetarako inskripzio-epea otsailaren 1ean irekiko da eta 29an bukatuko da. Ikasturte erdirako 24,95 €-ko kuota ezarri da.
Eskaera formalizatzen den une berean ordainduko da kuota. Era berean, instalazioak ezagutu nahi dituzten interesdun guztiek ludoteketan har dezakete hitzordua, lokalak ezagutzeko. Izena ematen duten haurrak ez daude egunero joatera behartuak; egoki irizten dioten egunetan joango dira.
Matrikula zuzenean egingo da Trintxerpe-San Pedroko ludotekan, Espinosa de los Monteros plazan (Tel.: 943-392510), Donibaneko ludotekan, J.J. Otaegi plazan (Tel.: 943 517290) eta Antxon, Azoka eraikinean (Tel.: 943 510645).