
Euskaltegiko ikasleak klasean
Erakundeen eskutik sortutako baliabide zirela ekin zioten bideari udal euskaltegiek 1981.ean helduek euskara ikasi edo alfabetatzeko zuten premiari erantzuteko. Nor bere udalaren babesean, poliki-poliki, Gipuzkoako 21 herritara zabaldu ziren arte.
Ikasgune hau zabaltzea Pasaiako udalbatzaren eta HABEren arteko elkarlanak 1985-1986 ikasturtean ahalbideratu zuen. Geroztik alfabetatze-euskalduntze prozesuan eta azken urteotan normalizatzaile-lanetan bide luzea egin du.
Udal zerbitzua eskaintzeko, 13 lagun ari gara lanean: zuzendaria, 11 irakasle (hauetako hiru euskara zerbitzuan) eta administraria.
Euskaltegia goizeko 07:00etatik gaueko 22:00ak arte irekita egoten da astelehenetik ostiralera. Bulego ordutegia, goizeko 08:00etatik arratsaldeko 15:00etara da.
Pasaiak lau barruti ditu eta Udal Euskaltegia Trintxerpen dago, anbulatorioaren ondoan eta itsas-arrantza eskolatik oso gertu. (Pasaiako web orrian ageri da euskaltegiaren kokalekua).
Egun Udal Euskaltegia elbarrituentzat ere egokitua dago.
Urte askotan, gure jarduna helduen euskalduntze-alfabetatze alorrean ardaztutakoa izan bada ere, hona hemen euskaltegiaren gaur egungo zerbitzu eskaintza:
. Alfabetatze-euskalduntzeko ohiko eskolak.
. Baliabide gela: BOGA (hizkuntza ikasteko den informatika-euskarria), mintza saioak eta tutoretzarekin batera.
. Kanpo-ekintzak: txapelketak, irteerak, bisitadiak, asteburuko barnetegiak, etab.
. Kultur astea.
. Normalizatzaile lanak udalerrian
. Mintzalaguna.
. Mintzatratuak.
Pasaiako Udal Euskaltegiak herri-ekimen askotan hartzen du parte, beste hainbat elkarterekin batera (Ikastetxeak, Musika Eskola); hala nola, Eskolatik-kalera egitasmoan, transmisio kanpainan, haur etorri berrien errefortzu eskolak, etab.