Fecha actualización:
  • Azken eguneratzea: 2007/10/03
Seleccione su idioma:
Pasaia
     

Done Jakue Bidea Oarsoaldean

Euskal Autonomia Erkidegoan, bi ibilbide ditu Done Jakue bideak: Barneko bidea eta Kostaldeko bidea. Biek Oarsoaldea zeharkatzen dute. Oarsoaldea pasabide naturala da kostaldetik Donostiarantz joateko, baita barnealdetik Gasteizerantz joateko ere. Bigarren kasuan, Nazional 1 errepidearen trazadurari jarraitzen dio.

Harremanetarako
Oarsoaldea Eskualdeko Turismo Bulegoa
Donibane, 11
20180 Oiartzun (Gipuzkoa)
Telefono-zenbakia: (00 34) 943 494 521
Fax-zenbakia: (00 34) 943 494 614
Helbide elektronikoa: turismo@oarsoaldea.net
Santiago Bideen Lagunen Elkartea
Urbieta, 2, etxabea
20006 Donostia (Gipuzkoa)
Telefono-zenbakia: (00 34) 943 427 281
Helbide elektronikoa: caminossantiagoguipuzcoa@telefonica.net
Web orria: www.caminosnorte.org
Gipuzkoako Santiago Bideen Lagunen Elkartea - Errenteriako ordezkaritza
Eliz kalea, 21
20100 Errenteria (Gipuzkoa)
Ordutegia: astelehena,19:30-21:00

Gipuzkoako Santiago Bideen Lagunen Elkartea - Irungo ordezkaritza
Foruen kalea, 2-1goa.
20300 Irun (Gipuzkoa)
Telefono-zenbakia: (00 34) 943 624 185

Kostaldeko bidea
KOSTALDEKO BIDEA Irundik abiatzen da eta, Bizkaiko Golkoaren paretik, Bizkaiaren mendebalderaino doa. Usadioak aipatutakoaren arabera, Santiagora erromesaldia egiteko ibilbide zaharra da, historiak egiazko bihurtu dituen bideak baino lehenagokoa. Donejakueren mirespenaren lehenengo hamarkadetan –IX. eta X. mendeetan– zenbait erromesek jada bide hori hautatzen zuten, aldez aurretik finkatutako galtzadak baitzituen. Horretaz gain, antzinatik ziren garrantzitsuak. XIII. mendean Gipuzkoa Gaztelan sartu zen eta, horren ondorioz, bideak hobetu ziren. Orduan hasi zen garrantzia hartzen Barneko bidea. Dena den, Kostaldeko bideak lehia ondo pairatu zuen eta erromes batzuek bide hori erabiltzen jarraitu zuten, bai Irundik zetozenek, baita itsasontziz Gipuzkoako edo Bizkaiko edozein portutara jaisten zirenek ere.

Erromesak, Hendaia zeharkatu ostean, Bidasoatik Hondarribiaraino iristen ziren. Kostaldean zehar ibili eta Errenteriarantz joaten ziren ondoren. Lezo zeharkatu ostean, berriz, Pasai Donibanera iristen ziren. Ondoren, txalupa hartu behar zen Pasai San Pedroraino iristeko eta hortik Donostiarantz jo.

Donostiatik abiatuta, eta betiere kostaldetik, hurrengo udalerriak zeharkatzen dira: Orio, Aia, Zarautz, Getaria, Zumaia eta Deba. Udalerri horien guztien hirigunetik pasatzen da bidea eta Deban barnealderantz sartzen hasten da, Sasiola eta Astigarribiaraino. Azkenekoa Mutriku udalerrian dago. Hortik aurrera bidea Bizkaiko Lurralde Historikoan murgiltzen da.

Kostaldeko bidea Jaizkibeldik
Ondoren, Kostaldeko bidea deskribatuko dugu. Jaizkibeldik igaro ostean, Lezo eta Pasaia zeharkatzen ditu Oarsoaldean.

Bidaia Irungo Santiagoko Nazioarteko Zubian hasten da. Bidasoako Parke Naturala eta Guadalupeko Santutegia zeharkatu eta Txingudiko Badiaren panoramikaz gozatu ostean, Pasai Donibanetik Jaizkibelera eta Hondarribiara datorren errepidera iritsiko gara.

Errepide hori hartu eta bi bideren artean hauta dezakegu: Lezorantz doana edo Pasaiarantz doana.

  • Lezorantz: GI-3440 errepideari jarraituz, dorre karlistaren parean errepidea utzi eta Olatzar baserriaren ondoan hasten den pista hartuko dugu Lezoko hiriguneraino, hain zuzen ere, Auñamendi kaleraino iritsi arte. Bertatik, Saldise plazarantz joko dugu. Jaizkibel etorbidea zeharkatuta, Zubitxo kalea hartu eta Kristo Sainduaren plazaraino iritsiko gara. Kale nagusitik Jaizkibel etorbideraino igota, herritik aterako gara, kultur etxearen edo Andreone liburutegiaren ondotik. Orduan, Pasai Donibanerantz joko dugu. Berriz ere GI-3440 errepidean izango gara. Pasai Donibaneko hirigune historikoaren kale bakarra zeharkatu eta Pietateraino iritsiko gara. Bertan dago txalupa hartzeko tokia. Txalupak, badia zeharkatuta, Pasai San Pedron utziko gaitu.
  • Pasaiarantz: 400 metroz GI-3440 errepideari jarraiki, bihurgune itxira iritsiko gara. Errepidea utzita, ezkerralderantz errepide estua aurkituko dugu. Beherantz gogor egiten du. Tarte mailakatu luzea igaro ostean, Pasai Donibanera iritsiko gara eta Pietateraino jarraituko dugu. Bertan dago txalupa hartzeko tokia. Txalupak, badia zeharkatuta, Pasai San Pedron utziko gaitu.

Badia gurutzatu ostean, bi aukera izango ditugu:

  • San Pedro eta Trintxerpe zeharkatu eta, hiri-ibilbidea hartuta, Donostiara iristea, Mirakruzeko gailurra igaro ostean. Hori da ibilbiderik laburrena.
  • Ontziratzeko tokitik aterata, ezkerralderantz hartu eta eskuinaldeko kaletik –kale estua– Elizaren aurrean dauden eskailerak aurkitu arte jarraitzea. Eskailera horiek kanposanturaino doaz eta ate erromaniko itxia ikusteko aukera izango dugu. Ezkerralderantz biratuta, kanposantua ezkerraldean eta atzean utziko dugu eta gorantz egingo dugu. Pasaiako Badiaren ikuspegi zoragarriaz  gozatzeko aukera emango digun behatokira iritsiko gara. Handik, eskuinerantz jo eta Platako Farola itsasargia ikusiko dugu.

Platako Farolako plazatxora iristean, ezkerrean bide bat aurkituko dugu. Mendiola mendiko mendi-mazela erdialdetik zeharkatzen du. Igoerak eta jaitsierak etengabeak dira. Bidean arkuen aurriak ikusiko ditugu: ubide zaharraren eta harrizko galtzadaren aurriak dira. Bide horretatik jende asko ibiltzen da. Hala, asfaltozko errepideraino iritsiko gara. Ezkerraldean ikastetxe bat dago. Eskuinerantz hartuta, aldapa txiki bat igoko dugu eta, pixka bat aurrerago, errepidea bitan zatitzen denean, ezkerrerantz joko dugu, Uliarako eta Donostiarako bidea hartuz. Bide horretan, Uliako aterpea ikusteko aukera izango dugu eta Donostiara, Zurriolako hondartzara, iritsiko gara.


| Donibane Kalea , 19 - (20110). Telefonoa:943 344034, Faxa:943 515447 | © Pasaiako Udala. IFK P2006900-A