Fecha actualización:
  • Azken eguneratzea: 2007/10/11
Seleccione su idioma:
Pasaia
     

Jaizkibel mendia

Jaizkibel mendia

Pasaiako portuko bokaletik Hondarribiako Higer lurmuturreraino hedatzen den mendilerroa da Jaizkibel. Lezoko udalerritik ere igarotzen da.

Kostaldeko mendilerroa zeharkatzen duten ibilbideetan eta bideetan zehar, elementu hauek aurkituko ditugu, besteak beste: Lord Johnen gotorlekua, lehenengo hiru dorre karlistak eta Alleru. Bertan, San Enrike gotorlekua dago, baita behatoki ederra ere. Bertatik, Bidasoa-Txingudiko eta Oarsoaldeko eskualdeak ikusten dira.


Dorreen ibilbidea

Dorreen ibilbidea GR 121 ibilbidearen zatia da. GR 121 Gipuzkoako Bira da eta 284 km ditu guztira.

Jaizkibel mendiko dorreak  XIX. mendean (guda karlistak) Jaizkibel mendian izandako guda-jardueraren testigu dira. Jaizkibelgo mendilerroaren gailurrean sei dorre altxatu ziren, baina bosten hondarrak daude egun.

Hegoalderantz begiratuz gero, Irun-Pasaia igarobidearen lurraldea ikus dezakegu; iparralderantz begiratuz gero, berriz, itsasorantz doazen Jaizkibelgo mendi-mazelak. Dorre guztien oinplanoa hexagonala da eta alde bakoitza 3,3 -3,5 metro luze da. Salbuespena Guadalupetik gertuen dagoena da, dorre horren oinplanoa laukia baita. Guztiek bi solairu eta terraza zituzten. Hareharrizko inguruko hormek soilik diraute zutik. Barrualdea erabat hutsa dago. Beheko solairuan zulo txiki angeluzuzenak zituzten eta aireztatzeko nahiz behatzeko erabiltzen ziren. Kanpoaldean zapata ikus daiteke eta altuera aldakorra du; dorrea baino pixka bat zabalagoa da. Lursailaren irregulartasuna nolakoa, halakoa zen dorrearen altuera.

Sartzeko ez zen beheko solairua erabiltzen, lehenengoa baizik. Lehenengo solairura ken zitekeen eskailera baten bidez igotzen zen eta, horri esker, zailagoa zen eraikinean sartzea. Solairu horretan, bi edo hiru gezileiho zeuden alde bakoitzean. Terraza pixka bat ateratzen zen fatxadatik eta, poligonoaren alde bakoitzean, hiru ukondok eusten zioten eta batek erpin bakoitzean. Horien artean, zulo ia zirkularra zegoen, euri-urak kanporatzeko.

Kokapena:
Jaizkibel mendia kostaldeko mendilerro tertziarioa da eta Gipuzkoako lurralde historikoaren ipar-mendebaldean dago, Pasaiako portuko bokaletik Hondarribiako Higer lurmuturreraino.

Egitura ikusgarrienak itsaslabarrak eta mendi-mazelak dira, eta garapen ikaragarria dute Pasaiako portuko bokalean eta Arkale eta Aketaiko muturretan. Jaizkibelgo iparraldeko mendi-mazelari erreparatu besterik ez dago itsasoak egindako lana ikusteko: muinoetako irtenguneak, “itsas olatuaren” formakoak (“chevrons”), eta sakonune handiak. Higadura ez da berdina izan beti eta horrelaxe sortu dira. Bien bitartean, estratifikazioa aldapatsuagoa eta malkartsuagoa da hegoaldeko mendi-mazelan.

Aldapa gogorretan, arroka agerian gelditzen da sarritan eta haizeak gogor jotzen du. Ondorioz, belarrak eta sasiak daude eta, batzuetan, zuhaitzak ere badaude, baina ez dira oso altuak.

Iristeko modua:
Jaizkibelgo bidea hartuta, Lezotik Hondarribiara doan errepidean, 4. eta 5. kilometroen bitartean, Taberna izeneko taberna dago. Taberna horretatik 100 metrora, berriz, aldapa gogorra. Hortik gora eginez, lehenengo dorreraino iristen da: I. dorre karlista. Pasaiako eta Txingudiko badien artean estrategikoki kokatuta dago eta ibilbide horretan ez dago galtzerik. Betiere ipar-ekialdeko norabidea hartu behar da.

I. eta II. dorre karlisten artean, gure bidea errepide nagusiarekin elkartzen da, baina betiere gailurreko lerroari jarraitu behar zaio. III. eta IV. dorre karlisten artean telekomunikazioko antena handiak aurkituko ditugu. Hori da gunerik altuena: Alleru gailurra (547 m). Karlistek San Enrike gotorlekua kokatzeko hautatu zuten. Bere aurriak egoera onean daude, inguruko hormak eta barneko zenbait zatiketa bereiz baitaitezke. Ez da ingurua utzi behar antenen arteko behatokira hurbildu gabe. Izan ere, bistak ikusgarriak dira eta Bidasoako estuarioa, Irun eta Hondarribia ikusteko modu paregabea da.

IV. dorre karlistan basoa hasten da agertzen, Kantauri itsasoan ura husten duten errekatxoen inguruan. 1999ra arte turismoko probintziako paradorea altxatu zen tokirainoko bidean, Iskulin dolmena aurki daiteke. Hala eta guztiz ere, historiaurreko aztarna gehienak IV. eta V. dorre karlisten artean aurki ditzakegu. Horien artean bi dolmen eta bi harrespil dira azpimarratzekoak.

V. dorre karlistak ez du oinplano hexagonala. Horren ondoren, Guadalupeko ama birjinaren santutegia ikusten da. Oso aldapa gogorra igo ostean iritsiko gara bertara.

Hortik Hondarribiara jaisten den bidea har daiteke, edo abiapuntura itzuli, Artzainaren Etxearen eguterako aldetik igarotzen den baso-pista hartuta.

Helmuga Guadalupeko santutegia eta gotorlekua lirateke. Hori Oiartzungo eremu lubakituaren zatia izan zen. Oso handia da eta militarki eraginkorra izan zen 1980. hamarkadara arte. Gaur egun, bisita gidatuak egiten dira udan.




| Donibane Kalea , 19 - (20110). Telefonoa:943 344034, Faxa:943 515447 | © Pasaiako Udala. IFK P2006900-A