Donostiak eta Pasaiak Ulia mendia partekatzen dute eta mendi horretan aurki dezakegun elementu interesgarrienetariko bat Platako Farola da.
Ulia mendian gertueneko naturaz gozatu ahal izango dugu, baita hainbat txokoz ere, izen handiagokoek itzal egin ohi dieten txokoez, hain zuzen.
Itsasargien ibilbidea
GR-121 “Gipuzkoako bira” ibilbidearen zatia da eta guztira 284 km ditu. Pasaia zeharkatzean, Itsasargien ibilbideaz gozatu ahal izango dugu.
Ibilbide paregabe horretan, paisaia ederrak aurkituko ditu ibiltariak. Itsasoa, zerua eta lurra; hiru elementu horien baturak emaitza harrigarriak ematen ditu zinez. Zalantzarik gabe, Gipuzkoako itsasertz erakargarrienetakoa da.
Mendiko ibilbide hori bide-mota guztietatik ibiltzera ohituta dauden txangozaleentzat edo ibiltarientzat da. Hori bai, kirol-ekipamendu egokia behar da, bai arropari dagokionez, baita zapatei dagokienez ere.
Kokapena:
San Pedroko ontziralekutik abiatu eta portuko bokalerantz joko dugu. Azkenean, Senoko Zuloko itsasargiraino iritsiko gara. Eskaileretan gora egin eta atsedenerako gunera (Pasaiako behatokia) iritsiko gara. Atsedenerako gune horretatik, berriz, Platako Farolera iritsi ahal izango dugu. Eremu hori portuaren bokalearen eta Jaizkibelgo mendiaren itsasertzaren gainean dago eta behatoki paregabea da, hondoan ozeanoa baitago.
Platako Farolaren zelaigunetik, Ulia mendiko mendi-mazelatik beherantz egingo dugu. Horixe da erabili izan den bidea. Zulogune bereziak (gruyére) ikusi ahal izango ditugu.
Gure bideari jarraiki, tarte laburrean bi ubide zeharkatuko ditugu. Ubide horiek, 1842az geroztik, ura hiribururaino eramaten zuten. Hala, tunel berezi batera iritsiko gara; 200 m luze da gutxi gorabehera, eta lurpetik sastraka-gunea saihestu ahal izango dugu. Hortik, bideari jarraitu, Herri Ametsa ikastolaren ondotik igaro eta behinola Errotaxarretako baso sorgindua izan zeneraino iritsiko gara; egun, mendi-mazela besterik ez den eremura, hain zuzen. Ohiko bideari jarraitu eta Orinokoko eta Amazonaseko giroa oroitaraziko digun eremuan murgilduko gara. Harrigarria da, hiria hurbil baitago.
Baja Aundiko balkoia eta horma bertikalak ikusi ahal izango ditugu Altuko ibar zintzilikatura iristean. Hortik, Mandatariaren Etxera iritsiko gara eta Txoritxuluak izeneko sakanaren hondora jaitsi. Bertatik, bide zabala hartuko dugu, lehenengo ezkerralderantz, eta ondoren, aurrerantz. Puntu horretan, interesgarria da Ataloi haitzeko kobazulora hurbiltzea, Ataloiko blayako malkarrak nahiz bertan jira eta bira ibiltzen diren hegaztiak ikusteko behatoki bakarra baita. Kutrallako garbitokiraino jaitsiko gara eta, ondoren, landare osasuntsuen artean ibiliko gara. Azpimarratzekoak dira urkiak. Itsasertzarekiko bide paraleloari jarraituko diogu beti.
Askotariko flora hazten den eremu hostotsu bateko bideak zeharkatu ondoren, Monpaseko aurrien artetik igaroko gara. Monpaseko aurriak foru-aldundiaren jabetzakoak ziren XVI. mendean, eta geroago xede militarretarako erabili ziren. Hala erakusten digute tunelen, kasamaten eta baterien hondarrek. Hortik bidetxo bat hartuko dugu jaisteko, Mariaren Bihotza elizaraino iritsi arte.
Senoko zuloa:
Pasaian, Platako Farola izeneko itsasargiarekin batera, beste itsasargi bat dago, itsasontziei portuan sartzen laguntzeko, batez ere gauetan edo eguraldi txarra egiten duenean.
1906ko azaroan, Nafarroako Joaquin Arguedas bideetako ingeniariak eraikin-etxebizitza, dorrea eta Senoko zuloko itsasargira iristeko bidea eraikitzeko proiektua aurkeztu zuen. Baldintza hauek zehaztu ziren proiektuaren kalitateari buruzko txostenean: altzairua kalitate onekoa izatea, fosforozko substantziarik gabea, aleka fin eta homogeneokoa, eta Bilboko Labe garaietan eta Vizcaya fabrikan ekoizten zena baino okerragoa ez izatea. Halaber, kristalek bikoitzak, gardenak, lauak eta kopadurarik gabekoak izan behar zuten. Lanetarako material hauek erabili behar ziren: Maeztuko asfaltoa, Zumaiako zementuz egindako hormigoia, Holandako pinuaren oholak eta harri birrindua.
Morteroak fabrikatzeko hondarra inguruetako hondartzetatik lor zitekeen, baina ondo garbitu behar zen eta ez zuen substantzia arrotzik izan behar, purutasuna ez kaltetzeko. Beharrezkoa izanez gero, ur gezan garbitu behar zen. Kanpoaldea silarrixkaz egin behar zen, eta bukaera, hareharriz, orbanik eta akatsik gabe, eta eskualdean arrunta zena erabiliz. Baliagarria zen Igeldon erabilitakoa.
Kareharriak Mutrikun erabilitakoaren antzekoa izan behar zuen, eskualdean hori erabiltzen baitzen. Paramentuak eta bukaerak zizelez landu behar ziren. Baoak erregularki kokatuta zeuden eta eta leihoburuetako eta erlaitzetako apaindurak mugatuak ziren; barruko eskailerek –galdatuak–, berriz, apaingarri ugari zituen. Platako Farolan dagoenaren antzekoa da, Lasarten egindakoaren antzekoa. Itsasargiaren egileak proiektua zabaldu eta dorretxoa edo baliza eraiki zuen. Norabide-ardatzak portuaren bokalea adierazten zuen.
Beraz, behin betiko proiektuak aldaketak izan zituen. Hasierako aurrekontua mantentzeko, zimenduetako hormigoiaren ordez manposteria hidraulikoa erabili zen. Bidearen eraikuntza ere aldatu egin zen: Gurutzeko puntan zegoena erabili zen eta 2 metro zabaleko bidearen bidez elkartu ziren puntu hori eta Senoko zuloa. Zati aldapatsuak eta zati mailakatuak (150 baino gehiago) nahasi ziren; beraz, iristeko berezitasun ugari zeuden. Era berean, metro bateko altuerako fabrikako karela egin zen, bidetik dabiltzanen segurtasuna handiagoa izan dadin.
Azkenean, itsasargiaren dorrea harlanduz eraiki zen eta zuriz margotu zen egunez sarrera behar bezala bideratzeko. Gauez, berriz, norabide-ardatza erabiltzen zen.
Eraikin klasikoa da, Frantziako kostaldean dauden itsasargien ildokoa. Higerreko itsasargiaren funtzionaltasuna eta soiltasuna mantentzen ditu. Iparraldeko mendi-mazelan eraiki zen eta dorre prismatikoa fatxadaren erdian altxatzen da itsasoari begira.
Peio Arizek eskuratutako informazioa.

Ulia mendia Jaizkibeldik
Atzealdean, Donostia
Platako Farola:
Pasaiako itsasargirik azpimarragarriena Platako Farola da, arkitekturaren ikuspuntutik oso berezia baita. 1855ean, Pasaiako portuaren sarreran altxatu zen eta hiru solairuko gaztelua dirudi, almena eta guzti. Zalantzarik gabe, Euskal Herriko itsasargirik ederrenetarikoa da.
Pasaiaren natura-ezaugarriek eta portuko sarrera-ubide estuak bultzatuta, itsasontziak orientatzeko dorreak eta balizak eraiki behar ziren. Horretarako, Santa Isabel gaztelua zegoen. Jatorriari erreparatzeko, urte anitz jo behar ditugu atzera. Itsas seinale modura, eremu horretako ikuste-erreferentziarik garrantzitsuenetarikoa da eta nabigaziorako oso lagungarria izan da. Porturako sarrera adierazten duen beste puntua Santa Anako ermita da. Pasai Donibaneko tontor batean dago kokatua.
XX. mendean Pasaiako itsas seinaleen zerbitzua garatu egin da, aurrerapenekin bat egiteko, eta, beraz, aldatu egin da.
Ordura arte, honela zegoen balizatuta portua: ubidearen eskuinaldean –istriborrean– Platako Farolaren kokapen-argia, Senoko zuloko norabide-argia eta Gurutzeko puntako bideratze-argia –berdea–; ezkerraldean –ababorrean–, berriz, Santa Isabel gazteluko bideratze-argia, gorria.
Platako Farolaren izena argitzeko, Pasaiako portuak antzinatik mineralak ateratzeko zer garrantzi izan zuen eduki beharko genuke kontuan. Arditurriko meatzeetan (Oiartzun) ateratzen ziren mineralak Pasaiatik esportatzen ziren. Edo, agian, izenak itsasargiaren kokapen paregabeari erantzuten dio. Eremu horri Pasaiako Ispilua edo Platako Frontoia deritzo.
Platako Farola Platako puntan dago, ubidearen sarreraren mendebaldean, hain zuzen ere, arroila baten gainean, itsasorantz begira dagoen paisaian. Arando Txikiko puntaren ondoan dago. Toki honetan kaioak dira nagusi. Sarritan ipar-mendebaldeko haizeak jotzen du eta Pasai San Pedrotik lehorrez irits daiteke bertaraino. Horretarako, mendiari itsatsia dagoen errepidea hartu behar da. 1880an jada aipatzen da Platako Farola eta bere garrantzia azpimarratzen da. Porturatzeko itsasargia da. Argi finko eta zuria du eta noizean behin erabiltzen zen argi zaharraren ordez hasi ziren erabiltzen.
Iparraldean mendiari lotuta dago eraikina. Terraza bat du eta horren gainean 4 metroko dorrea. Fokuaren planoa itsas mailatik 158 metrora dago. Arrokaren egituragatik, itsasargia eraikitzeko oinarri sendoa eratu zen eraikinaren oinean.
Gainleiho bertikaleko linterna zaharra ordezkatu egin zen orain dela urte batzuk eta gainleiho makurtuak zituena jarri zen. Hala, ez dago itzalik. Instalazio elektrikoa ere aldatu zen: azetilenozkoaren ordez, gas-erreserba zuena jarri zen.
Azpimarragarria da barruko elementu apaingarria eta, era berean, funtzionala: burdin galdatuzko eskailera, hain zuzen. Dorrera sartzeko erabiltzen da. Eskailera kiribila da, beltzez margotuta dago eta jatorria irakur daiteke: “Eduardo Fussey. 1885. Lasarte”.
Kokagunea ikaragarrian dago hiru solairutako eraikin hori eta almena bat eta bi dorre ditu. Itsasotik nahiz lehorretik begiratuta, XIX. mendeko izpiritu erromantikoak literatura eta arte plastikoak kutsatzeaz gain, ingeniarien arkitektura ere kutsatu zuela adierazten digu adibide horrek.
Horren guztiaren emaitza mole eder hori dugu. Gotorlekuaren itxura du eta neo-erdi aroaren estilokoa da, Hendaiako Abbadie gazteluaren estilokoa.
Peio Arizek eskuratutako informazioa.