
Ikastaroak
Gazteria eta Kirol Departamentuak ikastaroak eta lantegiak antolatu ditu haur, nerabe eta gazteentzat
Aurtengo berrikuntzen artean, haurrentzako antzerkia, zirkua, mimoa eta manga komikiak eta ilustrazioa eta gazteentzako musika elektronikoa eta musika informatika daude
Pasaiako Udalaren Gazteria eta Kirol Departamentuak gazteentzako ikastaroak eta lantegiak antolatu ditu aurtengorako ere, baita berariazko ikastaroak ere haurrentzat eta nerabeentzat. Urriaren 15ean ekingo zaie jarduerei eta izena emateko epea irailaren 29an, astelehenean, zabalduko da.
Gazteentzako ikastaroen artean, iraupen luzeko bi ikastaro izango dira aurten, hau da, ikasturteko osoak. Ikastaro horietako bat “Marrazketa eta pintura” da; beste urte batzuetan ere egin da, eta onarpen handia du. Bestea, berriz, ikastaro berria da, oso interesgarria gure irudiko: “Musika elektronikoa, musika informatika eta soinu grabaketa digitala”, hain zuzen. Ikastaro honetan ordenagailuan musika nola sortu, ahotsak eta tresnak nola grabatu ikasteko oinarria ezagutu ahal izango dute, hainbat programa eta plugin erabiliz musika elektronikoaren mundu zirraragarrian murgiltzen hasteko.
Haurrentzat aurtengo ikasturterako antolatutako ikastaroen artean, zenbait berrikuntza daude. “Antzerkia, zirkua eta mimoa” 6 urtetik 11 urtera arteko haurrentzako ikastaro sortzailea da. Ikastaroaren helburua haurrak antzerkiaren mundura gerturatzea da, jolasen eta irudimenaren bidez; horretarako, pertsonaiak sortu eta mimoak nahiz txotxongiloak egingo dituzte, beraiek sorturako istorioak antzeztu, etab.
Beste ikastaro berri bat “ Manga komikiak eta ilustrazioa” izango da. Marrazkiak egiten, testu edo gai bat ilustratzen eta manga japoniar estiloko komikiak, testua dutenak edo ga-beak, sortzen ikasten hasteko ikastaroa.
Bestalde, iaz egin genuen moduan, eta haurrentzako marrazketa eta pintura ikastarorako plaza-eskaera handia dela-eta, zabaldu egingo dira marrazketa, pintura eta buztin ikastaroak 6-10 urteko eta 11-15 urteko adin-tartean, bai San Pedrora, bai Antxora. Horrenbestez, adin horietako haurrentzako 5 “Marrazketa, pintura eta buztina” ikastaro egingo dira aurten.
Gazteentzat ere “Marrazketa eta pintura” arloko ikastaro bat egingo da. Gazteentzako ikastaro honek hiru modulu izango ditu: marrazketaren oinarriak, kolorearen eta pinturaren oinarriak eta plastika-garapena. Hala ere, oinarri horiek badituztenek ere egin dezakete ikastaro hori, lantegi moduan antolatu denez gero, askatasun osoz egingo baita lan, parte-hartzaile bakoitzak bere estiloa garatu ahal izan dezan.
Ikastaro guztiak 9 hilabetekoak dira, hau da, ikasturte osokoak eta asteko egun desberdinetan emango dira. Plaza-kopurua mugatua da eta matrikularen prezioak ondorengo hauek dira: gazteentzako ikastaroak 56,71 € Pasaian erroldatuentzat eta 85,06 € Pasaian erroldatu gabeentzat. Haurren kasuan, 48,58 eurokoa da prezioa Pasaian erroldatuentzat eta 72,89 eurokoa Pasaian erroldatu gabeentzat.
Izena emateko epea urriaren 10ean amaituko da. Informazio gehiago eskatu nahi duen orok Udalaren Gazteria eta Kirol Departamentura jo dezake (Euskadi Etorbidea, 61, Trintxerpe –Udal-euskaltegiaren ondoan–), edo 943-004330 telefono-zenbakira deitu, astelehenetik ostiralera, 9etatik 2etara. Izena emateko, baina, bulegora etorri behar da.