Pasaiako Udaleko Gazteria eta Kirol Departamentuak jakinarazten du datorren asteartean, hilak 16, irekiko dela Aldundiak antolatzen dituen udalekuetan izena aurretik emateko epea. Udaleko departamentu hau Aldundiarekin lankidetzan aritzen da, udalekuei buruzko informazioa emanez eta Pasaian izena emateko aukera eskainiz.
Udalekuak Euskal Herriko hainbat tokitan izango dira uztailean eta abuztuko lehenengo egunetan, bai euskaraz eta bai elebitan, 7 edo 10 eguneko txandatan. Halaber, beste udaleku hauek izango dira: 9 urtetik 11 urtera bitarteko haurrentzat, bertsolaritzaren inguruko udalekuak, 7 egunekoak; eta frantsesa ikasteko udalekuak, 12 eta 13 urteko haurrentzat, 10 egunekoak. Aurten ingelesa ikasteko udalekuak ez dira egingo.
Aurrez izena emateko epea martxoaren 26ra arte egongo da zabalik. Haurrek banaka edo taldeka eman dezakete izena (gehienez ere 3 haur). Plazak apirilaren 15ean zozketatuko dira notario aurrean. Zozketaren emaitza eskutitzez jakinaraziko zaie; hala ere, nahi izanez gero, Gazteria eta Kirol Departamentuan ere galdetu dezakete, akatsen bat egonez gero, erreklamazioa aurkeztu ahal izateko.
Aurten, izena eman ondoko prozesua azken urteetakoa bezalakoa da eta erraztu egin da; izan ere, plaza lortu dutenek ez dute berriz ere izena eman beharrik izango, nahikoa izango dute aldez aurretik gutun baten bitartez adieraziko zaien dokumentazioa zuzenean Aldundian aurkeztea jarritako epearen barruan, hori eginda behin betiko matrikulatuta egongo dira. Bestela, eman zaien plazari uko egin dutela joko da.
Bestalde, Gazteria eta Kirol Departamentuak jakinarazten du udaleku irekietan izena emateko epea maiatzean zabalduko dela. Udaleku horiek haur pasaitarrentzat antolatzen dira urtero, zehazki, 3 urtetik Lehen Hezkuntzako 4. mailara bitarteko haurrentzat.
Informazio gehiago jasotzeko edo Aldundiko udalekuetan izena emateko, datorren asteartetik aurrera Gazteria eta Kirol Departamentura jo behar da (Euskadi Etorbidea, 61, Udal Euskaltegiaren ondoan), 9etatik 14:00etara; edo 943-004330 telefono-zenbakira deitu.