
Abenturaz blai 2008
Pasaiako Gazteria eta Kirol Sailak aurten ere “Abenturaz blai 2008” udalekuak antolatu ditu. Horien helburua da gazteek egun batzuk pasatzea naturarekin harremanetan, euren adineko beste gazte batzuekin batera. Jarduera ugari aurreikusi da, hala nola, kanoekin erreka jaitsiera, espeleologia, Careseko ibilaldia, Covadonga lakuen zehar ibilaldia, arroilen jaitsiera, Altamirako kobak, itsaslabarrak eta fenomeno karstikoak, puentinga, txirrinda, Toroko hondartza, tailerrak,...
Udaleku hauek 13 eta 17 urte bitarteko gazteentzat dira. 12 egunekoak izango dira: uztailaren 16tik 27ra, biak barne. Aurten lehenengo aldiz Llanesen izango dira, Asturiaseko natura-ingurune zoragarrian.
Aurreko urteetan harrera ezin hobea izan duen programa honetan begirale espezializatuak arituko dira, aisialdian eskarmentua dutenak.
Udalekuek diru-laguntza garrantzitsua dute. Gazte pasaitarrentzako matrikula 117,58 €koa da eta barne hartzen ditu egonaldia, mantenua, jarduerak...
Matrikula-epea astelehenean, hilak 12, irekiko da eta maiatzaren 23ra arte egongo da zabalik. Hala ere, lehenbailehen izena emateko gomendioa egiten dugu, plaza-kopurua mugatua delako. Pasaian erroldatuta daudenek lehentasuna izango dute eta, plaza libre geratzen badira, pasaitarrak ez diren gazteentzat izango dira; bi kasuetan izena eman ahala onartuko dira.
Informazio gehiago eskatu edo izena eman nahi duenak Gazteria eta Kirol Sailera jo behar du, 943004330 telefonora deituz edo bulegora bertaratuz: Euskadi Etorbidea, 61, Trintxerpe, Udal Euskaltegiaren ondoan; astelehenetik ostiralera 9etatik 14etara.