Fecha actualización:
  • Azken eguneratzea: 2008/06/19
Seleccione su idioma:
Pasaia
     

Alkatearen agurra

Maider Ziganda, Pasaiako Alkatea

Maider Ziganda, Pasaiako Alkatea

Ongi etorri eta eskerrik asko Pasaiako Udalaren web orrira etortzeagatik.

Pasaia mende askotan itsasontzi zirkulazio handiko lekua izan da. Erromatarrei interesatzen zitzaien burdin mea dela, oletako ekoizpena edo nafar artilea dela, Ameriketako kakaoa hurrengo, edo XX. mendeko industri portua orainago; jarduera horiek guztiek gure barne portuaren segurtasuna baliatu dute. Gure badiak duen geografia bereziak ontzigintzarako ere oso leku seguru bilakatu du, eta orobat arrantzarako eta are balea-arrantzarako ere. Honek guztiak, zalantzarik gabe, aditzera ematen digu iragan aberatseko herria dugula Pasaia.

Iraganetik gaur egunera etorriz, ziur naiz Pasaia etorkizun oparoko herria dela, eta hori bertan bizi garenon eta leku zoragarri hau maite dugunon artean eraiki behar dugu. Horregatik, lerro hauek aprobetxatu nahi ditut pasaitar guztiak gonbidatzeko gure etorkizuna eraikitzen parte hartzera. Bidali zuen ekarpenak eta iradokizunak, eta parte hartu Udal honek dituen eta izan ditzakeen informazio eta erabakitze organoetan.

Gipuzkoako txoko hau oraindik ezagutzen ez duzuenoi berriz, gure herria bisitatu eta gure artean ondo pasatzeko gonbidapena egiten dizuet, eta horrela aukera izango duzue Victor Hugo poeta erromantiko handiak gure herriari buruz esan zuena baieztatzeko:

“Alegeratasunaren eta handitasunaren ezaugarri bikoitza duen orok bezalako leku atsegin eta liluragarri hau, ikusi dudan ederrenetarikoa den leku ezezagun hau eta ezein touriste-k bisitatzen ez duena, Suitzan balego mirestua eta Italian balego ospetsua izanen litzatekeen lehor-itsasoko leku apal hau, Gipuzkoan dagoelako ezezaguna."


Agur bero bat,
Maider Ziganda
Pasaiako Alkatea


| Donibane Kalea , 19 - (20110). Telefonoa:943 344034, Faxa:943 515447 | © Pasaiako Udala. IFK P2006900-A