
Orain dela gutxi Foru Aldundiak gure eskualdearen autobus zerbitzuaren emakida egin du, eta berrikuntza ugari sartu ditu. Orokorrean gure herriko garraio publikoa hobetu egiten dute aldaketa hauek, hobetzeko lanetan jarraitu beharko dugun arren.
Hilabete luzeetako lana izan da, udalok Foru Aldundiari eman behar zen zerbitzuren inguruko iritzia eman diogu, eta hark esleipena egin ondoren, martxoaren 1etik aurrera Ekialdebusek kudeatzen du zerbitzu berria.
Pasaiako Udalak proiektuari ekarpen ugari egin zizkion; gehientsuenak zerbitzu berrian onartuak izan dira. Honela, gure herriaren izen ofiziala, Pasaia, dokumentu eta informazio guztietan azaltzeaz gain, Donibaneko autobus zerbitzuaren hasiera ordua aurreratu egiten da, autobus aldaketak doakoak izango dira, Trintxerpe Goia zerbitzuan geltoki berri bat ezartzen da Anoeta inguruan, ostiral gauetako autobus zerbitzua luzatu egiten da, luzeagoa udan, eta gure herria Ospitaleekin lotzen duen zerbitzua martxan jartzen da.
Oraindik gai batzuk zintzilik geratu dira, hala nola: motora zerbitzua Lurraldebusen integratzea, San Pedro Trintxerpeko autobus txikiaren maiztasuna handitzea, edota San Pedro Trintxerpe unibertsitateekin lotzeko zerbitzua.
Halere, zerbitzu berria martxan jartzearekin batera, funtzionamenduan zuzendu beharreko akatsak antzeman ditugu, eta zerbitzuaren erabiltzaileek dituzten kexak bildu ditugu.
Hain zuzen ere, Alkatetza honek hau helarazi du: Pasaia ospitaleekin lotzen duen autobusak San Pedron hasi beharko luke ibilbidea, eta ibilbide guztian geldialdiak egin, eta ez orain arte bezala, Azkuenetik aurrera. Udalaren alegazioei emandako erantzunean hala aitortu zen. Era berean, udalak kezka agertu du, geltoki guztiak Gipuzkoa plazan egoteak sortzen duen arazoagatik.
Arazo hauek ahalik eta azkarren konponduko direlakoan nago. Egin ditudan gestioen erantzuna jaso bezain pronto jakinaraziko dut.
Zinez espero dut orain arte hartu diren neurriekin eta etorkizunean hartuko direnekin garraio zerbitzu publikoa hobetuko dela.