Foru Aldundiak atzo Portuko Plan Berezia onartzean Udalon autonomiaren aurkako erasorik bortitzena eraman du aurrera, orain arte ezagutzen ez genuen instituzioen arteko desleialtasun eta errespetu faltarik handienaz.
Portu Agintaritzaren nahia inposatu du, portuko lur eremuaren %92a dugun pasaitarron eta lezoarron nahiarekin zerikusirik ez duten interes ekonomikoen alde.
Eta hau arrazoi bakar batengatik egin dute: ez zaizkielako gustatzen gure Udalek udalbatzarrean hartutako erabakiak. Ez zaie gustatzen gure herritarren osasunarekin jolasteari amaiera jarri behar diogula erabaki izana. Ez zaie gustatzen, zentral termikoaren kutsadura 40 urtetik gora jasan ondoren, gure udalbatzarretan egoera hau gehiago luzatzerik ez dagoela erabaki izana. Ez zaie gustatu esatea txatarraren karga eta deskarga lanak ordenatu behar direla ingurugiroa eta gure bizilagunen bizi-kalitatea kontutan harturik.
Ez gehiago, ezta gutxiago ere. Horregatik, soilik horregatik Foru Aldundiak eta Portuak, eskutik hartuta, onartu dute Plan Berezia. Horrexegatik bihurritu dituzte bai legeak baita Errenteria eta Donostiako udalerrien borondatea ere, hasiera-hasieratik presionatuak izan direlarik onartu zezaten Foru Aldundiak bere gain hartzea Plan Bereziaren tramitazioa.
Argi izan dezaten ez garela besoak uztarturik geldituko. Pasaiak eta Lezok behar den guztia borrokatuko dugu gure herritarren borondatea errespetatua izan dadin. Ez dugu etsiko portuko ordenazioak behar ekonomiko errealei eta herritarren beharrei erantzun arte, gure osasuna eta bizi-kalitatea errespetatuz.
Oso argi adierazi nahi diegu bai Portu Agintaritzari baita Foru Aldundiari ere ez dutela inor engainatuko, oso argi dugula zergatik gauzatu duten iruzur hau eta ez dugula irain hau ahaztuko.
Halaber, Errenteria eta Donostiako udalei adierazi nahi diegu hartu duten bideak, hau da, Foru Aldundiari tramitazioarekin jarrai dezan adostasuna adierazteak, udalerri hauetako biztanleengan izango duela eragin nabarmena. Azken finean, onartutako planak Portu Agintaritzari zera bermatzen dio; bere jarduera orain arte bezala, inolako kontrolik gabe, egiten jarraitu ahal izango duela, inguruan bizi garenon osasuna eta bizi-kalitatea kontutan hartu gabe. Hortaz, galtzaileak ez gara Pasaiako eta Lezoko Udalak, Pasaia, Lezo, Errenteria eta Donostiako bizilagunen osasuna, bizi-kalitatea eta ingurugiroa baizik. Aldiz, irabazle bakarra Portu Agintaritza eta bertan diharduten enpresak dira, beraien interes ekonomikoak beste guztien gainetik jarriz.