Pasaiako Udalak pasaitarren parte hartzea bideratzeko helburu eta konpromiso irmoak hartu ditu. Parte hartze horrek eraginkorra izan behar du, eta udalerriaren etorkizunerako giltzarriak izango diren gaiak eta udal-kudeaketa bera ardatz hartu, herritarrek beretu ditzaten. Horixe izan zen Demokrazia parte-hartzailearen arloa sortzeko arrazoi nagusia, eta helburu zehatz batzuk ditu; hauek, besteak beste:
- Eztabaidaren kultura eta erabaki partekatua sustatuko dituzten ekintzak indartzea eta aurrera eramatea.
- Komunikazio-plan eraginkorra sustatzea, herritarrek informazioa eskura izan eta herriari buruzko erabakietan parte hartu ahal izan dezaten.
- Udal-kudeaketa herritarrengana hurbiltzeko ekintzak eta estrategiak sustatzea, herritarrek beretu ditzaten.
Herritarrek udal-kudeaketan parte har dezaten, Pasaiako Udalak hainbat prozesu jarri ditu abian; horretarako, informazioa eta iritziak partekatzeko, eta erabakiak eztabaidatzeko, proposatzeko eta hartzeko bideak eta espazioak sortu ditu.
Lan egiteko modu berri horri jarraiki, Udalak lan-saio bat antolatu du, herritarrekin bi proiektu partekatzeko. Izan ere, lan-saio horretan landuko diren proiektuei dagokienez, berriki onartu da jendaurrean jartzeko izapidea; Ulia etorbidea berriz urbanizatzeko eta Andonaegi auzoa berriz urbanizatzeko proiektuak dira.
Lan-saio hori irailaren 23an, asteazkenean, egingo da, Karmengo Ama eskolan, arratsaldeko 19:00etan, eta bertaratzen direnen artean, bi lantegi osatuko dira (bat proiektu bakoitzerako), bakoitzak interesgarriena deritzonean parte har dezan. Xehetasunez aztertuko ditugu proiektu bakoitzerako proposamenak, guztion artean hobeto ezagut dezagun zer helburu lortu nahi diren, eta gerora egingo diren proiektuak eraiki ditzagun.
Lantegiak egiteaz gainera, proiektuak jendaurrean izango dira, Trintxerpeko alkateordetzan, hilabetez, nahi duenak egoki deritzon alegazioak aurkez ditzan.
Amaitzeko, berriro nabarmendu nahi da hau udal-talde honek Pasaiako herritarrek udal-kudeaketan parte hartzeko helburua betetzeko urrats bat gehiago dela, informazioa eta iritziak partekatzeko, eta erabakiak eztabaidatzeko, proposatzeko eta hartzeko bideak eta espazioak sortuz. Era berean, herritarrak animatu nahi ditugu lantegi horietan parte hartzera, ziur baikaude oso interesgarriak eta aberasgarriak izango direla.
Pasaian, 2009ko irailaren 21ean