Larunbatean La Herrerako etorkizuna definitzeko daramagun parte-hartze prozesuaren bigarren saioa burutu zen.
Oraingoan beste hogeita bost pertsona gehiago elkartu zitzaizkion taldeari eta aurreko saioan bezala, giroa oso ona izan zen eta egindako lana oso garrantzitsua. Ateratako iritzi orokorra ere oso baikorra izan zen.
Saioaren hasieran Pasaiako egoera soziourbanistikoari buruz, gure herriaren antolaketan kontuan hartu beharreko irizpide orokorrei buruz eta Urban planaren harira egindako prozesuaren ondorioei buruzko informazioa jaso zituzten.
Taldeko lana egin zuten ondoren antolaketa horretarako irizpide eta lehentasunak identifikatzeko, eta La Herrerako antolaketarako ardatzak eraikitzen hasteko aukera izan zuten.
Jarraian osoko bilkura egin zuten berriro eta bertan lan taldeetan egindako lana partekatu zuten eta herritarrek lurralde horretarako dituzten behar eta lehentasunen inguruko adostasuna oso zabala zela ondorioztatu zen.
Amaieran saioaren balorazioa egin zuten eta partaideek oso kalifikazio ona eman zioten.
Larunbat honetan, aurrekoetan bezala Karmengo Ama eskolan burutuko den saioa giltzarria izango da, bertan La Herrerako espazioen ordenaziorako irizpide eta helburuak zehaztuko baitira.
Oraindik parte hartu ez duen baina interesa duen pasaitar oro animatu nahi dut prozesuan murgiltzera. Bere ekarpena oso interesgarria izango da eta ongi etorria izango da.
EGUNA: 2009-06-27
TOKIA: Karmengo Ama
ORDUA: 10:00