Pasaiako Udalak gogorarazi nahi dizue pasaitarroi, larunbat honetan, hilak 13, hasiko dela La Herrerari buruzko parte-hartze prozesua: Encuentro de Información, Reflexión y Definición. Eta informazioarekin batera, jakina, gonbidapena: parte har ezazue, gogoeta egizue eta gainerako herrikideekin partekatu, azken buruan, La Herrera eta Pasaiako etorkizuna denon artean eraiki dezagun.
Urte gehiegi daramagu gure herriaren biziberritzea noiz hasiko zain. Lurralde eta arlo sozialean desoreka handiak ditugu, eta gabezia ugari, esaterako, kalitatezko eremu libreak, plazak, parkeak, lorategiak eta ekipamendu soziokulturalak falta ditugu, eta jakina, hori guztia oso garrantzizkoa da.
Desoreka horiek eta aipatu ditugun gabeziak erremediatze bidean jartzeko aukera paregabea eskaintzen digu la Herrera eremuak, bereziki Trintxerpe eta inguruetarako.
Horregatik oso garbi dago espazio horretan egiten dugunak gure egoerari, gure beharrei eta gure interesei behar diela erantzun. Garaia iritsi da lur eremu hori definitzeko eta horrekin batera aukera paregabea daukagu Pasaiaren geroa baldintzatzen duten erabakiak geuk hartzeko geure herrian, eta guztion artean. Erabakigunea hemen dago, Pasaian, gure etorkizuna guztion artean eraikiko dugu, finean, geuk eraikiko dugu.
Horretarako guztion artean hausnartu beharra daukagu, gure egungo errealitate fisiko, soziala eta ekonomikotik abiaturik, eremu horren antolaketarik aukerakoena zein dugun, zein ordenaziok erantzungo dion hobekienik gure herriari eta bertan bizi garenoi.
Topaketaren saioak goizeko 10etan hasiko dira eta guztiak Karmengo Aman izango dira, eskola hori egokia baita lana modurik egokienean burutzeko: talde txikietan eta talde bakarrean, denok batera.
Oharrak: Karmengo Ama eskolara sartzeko futbol zelaiaren parean dagoen atetik. Saioak dirauen bitartean haurtzaindegi zerbitzua eskainiko da nahi duen orok parte hartzeko aukera izan dezan.