Fecha actualización:
  • Azken eguneratzea: 2009/10/16
Seleccione su idioma:
inprimatu bidali Aa Aa
Pasaia

?

2009/06/09: Jaizkibiako Kontseilua eta ondorengo prentsaurrekoaren inguruko oharra 

Atzo Ahaldun Nagusiak eta Jaizkibia Sozietatearen zuzendariak prentsaurrekoan egindako adierazpenen harira, Pasaiako alkate Maider Zigandak gogoeta eta azalpen hauek helarazi nahi dizkie pasaitarrei:

Atzo egin zen Jaizkibiako Administrazio Kontseiluan, ordenazio-proposamen bat aurkeztu zen, "egile-proposamen" gisa deskribatzen dena, eta, guk eskura dugun dokumentazioaren arabera, "dokumentu guztiz irekia, Plangintza Aurrerapen gisakoa" baino ez. Hirigintza-parametro batzuk finkatzen dira bertan, bide eta espaloietarako azalerak, oinezkoentzako eremuak, lorategi eta parkeak, metro koadroko 1.05 m2 -ko eraikigarritasuna, proposatutako eraikinen erabilerak aipatu gabe.

Horretaraz gero, prentsaurrekoan azaldu zutenaren oso bestelakoa, zeren prentsaurrekoan azaldu zuten espero zutela oposizioak onartzea, beraz, ez da proposamen irekia baizik itxia, proposatutako eraikinetarako erabilerak eta intentsitateak zehazten dituena: heren bat bizitegietarako, beste bat ekipamenduetarako eta hirugarren herena hirugarren sektoreko jardueretarako.  Gainera manipulatzen dute informazioa nahi erara; izan ere, diote eraikigarritasuna 0,88koa dela, Estatuko Portuak desatxikitzeko exijitutako "0,86 minimoa baino pixka bat gehixeago", baina benetan 1,05ekoa da.
Halaber ez da egia Pasaiako alkate naizen honek proposamena baztertu dudala etxebizitzak eraikitzearen aurka nagoelako. Jaizkibian ez dut etxebizitzaz hitz egin, behin eta berriz aipatu dudana ERRESPETUA izan da. Errespetua udalari eta pasaitarrei, udal eskumenei eta pasaitarrek herriaren etorkizuna baldintzatzen duten erabakietan parte hartzeko duten eskubideari.

Antolaketa-proposamen bat aurkeztu dute, udal eskumenei muzin eginez, legerian jasoa duten herritarren parte hartzeari bizkarra emanez, eta errespetu-arau gutxieneko oro zangopilatuz. Ez dut irudikatzen Ahaldun Nagusia Gipuzkoako zeinahi herriren antolaketa aurkezten; ez du inoiz egin, baina hemen badirudi dena libre dela. Pasaiako udalbatzaren osaera ez dute gustuko ez eta haren zati batek defendatzen dituen interesak ere, eta ez dute zalantzarik egiten gure herria kanpotik gobernatu nahi izateko.

Azaldu nahi dute alkate eta gobernu-taldearekin dagoela arazoa. Baina oker dabiltza, arazo larria dutelako, hobeki esan, 16.602 arazo dituzte. Pasaiako herritarrak ez daude prest zenbait erakundek egin nahi dieten xantaiari men egiteko; ez du ametituko, beste behin ere, Pasaia eta pasaitarrak izatea euren interesak eta premiak sakrifikatuko dituztenak udalerri honi arrotz zaizkion interes ekonomiko eta politikoen mesedetan. Pasaitarrak erabakirik daude euren iritziak errespeta daitezen eta halaber dagozkien parte-hartze eta erabakitze esparruak.

Eta horixe da alkate eta gobernu talde honen konpromisoa: udal eskumenak defendatzea eta beharrezko baliabideak herritarren eskura jartzea ezagutu, partekatu, eztabaidatu, proposatu, eta azken buruan, erabaki dezaten gure udalerriaren geroaz.

Azkenik, Pasaia eta pasaitarren ordezkari izateak ematen didan apaltasuna, duintasuna eta harrotasuna direla bitarteko, oroitarazi nahi diot Gipuzkoako Ahaldun Nagusiari, bisitatzeko konpromisoa hartu zuen Pasaiako udalaren egoitza Arizabalo jauregian dagoela eta ez Portuko Agintaritzaren Transatlantikoan.   

Atzo eman zuen prentsaurrekoarekin frogatu du erantzukizun politiko eta publikorik ez duela.  Udal eskumenak bere apeten arabera erabiliz eta maneiatuz, lortu nahi duena da La Herrerako hirigintza-antolaketa pasaitarrek erabakitzeko duten eskubidea urratuz erabakitzea.


| Donibane Kalea , 19 - (20110). Telefonoa:943 344034, Faxa:943 515447 | © Pasaiako Udala. IFK P2006900-A