Fecha actualización:
  • Azken eguneratzea: 2011/04/04
Seleccione su idioma:
inprimatu bidali Aa Aa
Pasaia

?

2009/06/02: La Herrerako partehartze prozesua aurkezteko prentsa-aurkezpena. 

Parte-hartze prozesu berri hau abian jarriko dugu ulertzen dugulako, alde batetik, udalak jarraitu behar duela formulak garatzen Pasaiako estrategia eta proiektuei buruz azterketak egiteko, eztabaidatzeko, proposamenak egiteko eta erabakiak hartzeko beharrezkoa dugun informazioa denon eskura egon dadin, eta bestetik, erabakigunea hemen dagoela, Pasaian, eta denon artean eraikiko dugula.

Oinarri garrantzitsu hau kontuan hartuta abiaraziko dugu parte-hartze prozesu hau: Informazio, hausnarketa eta definizio topagunea. Topaketa aldez aurreko jarrera jakinik gabe eta ikasteko ikusmira zabalarekin proposatzen dugu.

Herrera Pasaiako lurraldeak, eta bereziki Trintxerpe eta ingurukoak hirigintza aldetik dituen desorekak gainditzeko aukerako espazio bezala azaltzen zaigu.

Jada egun indarrean dauden Pasaiako Hirigintza Arauetan lurralde horretaz hitz egiten denean, eremuaren antolaketak inguruak zituen gabeziei eta errealitateari egin behar diola aurre aipatzen da.

Lur eremu hau definitzeko garaia iritsi da, eta garaiarekin batera, egokiera heldu da, abagunea gure herriko etorkizunari buruzko erabakiak har ditzagun guztion artean.

Prozesu hori arrakastatsua izan dadin, dugunari buruzko hausnarketatik abiatu behar dugu, bizi garen lurraldearen eta bertan bizi garen pertsonen errealitatetik. Horretarako baina, guztion artean hausnartu beharra dugu, daukagun errealitate fisiko, sozial eta ekonomikotik abiatuta, gure beharrak zeintzuk diren eta lurralde horretako espazio libre eta hauen erabileren antolaketarik onena zein izan behar duen aztertuz.

Prozesu honen helburu orokorrak eta zehatzak hauexek dira:

  • Pasaiako herritarren artean, inolako bazterketarik egin gabe, eztabaida, parte-hartzea eta elkarrekin erabakitzeko kultura garatzea.
  • Pasaian etorkizuneko proiektuak herritarrekin eta haien iritziak kontuan hartuta bideratzea.
  • Elkarrekin -herritarren artean eta baita Udalarekin ere- lan egiteko gunea sortzea.
  • Herritarren parte-hartzea areagotzea guztien (herritar eta Udalaren) erronka izatea eta berau garatzeko konpromiso indibidual eta kolektiboak hartzea.
  • Gure herriaren errealitate sozial, ekonomiko eta urbanistikoa aintzat harturik, Pasaiako biziberritze prozesua eta zehazki horren motorea behar duen Herrerakoari buruzko informazioa eta ezagutza partekatzea.
  • Hiria nola eraiki behar den, bere konfigurazioan kontuan hartu beharreko elementuak zeintzuk diren ezagutzea.
  • Herritarren ikuspegitik egoera aztertzea.
  • Antolaketarako kontuan hartu behar diren oinarrizko irizpide eta helburuak sortzea.
  • Eztabaida horretatik La Herrerarako hirigintza-antolaketa definizioa herritarren ikuspegitik definitzea.
  • Behin betiko onarpena heldu arte eman beharreko prozeduren jarraipena egitea, plangintzari buruzko dokumentuentzat ezarrita dauden parte-hartze momentuetan parte-hartze zuzena gauzatuz, topaketaren ondorioak aintzat hartzen direla bermatzeko. Proiektuari buruzko informazioa eman, eztabaida bideratu eta proposamenak egitea.
Informazio, hausnarketa eta definizio prozesu hau garatzeko aintzat hartu ditugun oinarriak hauek dira: malgutasuna, prozesua hezigarria izatea, hizkuntzaren erabilera (euskarari lehentasuna) eta berdintasuna.

PARTE-HARTZEKO EREMUA:

Topaketa honetan parte-hartze eremua Pasaiako udalerri osoa eta egun Donostiaren administraziopean bizi diren pasaitarrena izango da.

METODOLOGIA, GARAPENA ETA DATAK:
  • Hiru saio izango ditu eta horietan, bai taldekako lana, eta baita talde osoko lana egingo da. Halere prozesu ireki eta malgua izango da, hau da, alde batetik udalak ekarri edo partaideek eskatzen duten informazioz osatuko da, eta topaketaren erritmora egokituko da.
  • Lan saioetan hainbat momentutan talde txikietan arituko dira eta beste batzuetan talde osoko lanean.
  • Taldeetako laneko parte-hartzea borondatezkoa izango da baina taldekatzea adina eta genero ikuspegiak kontuan hartuta egingo da, honela orekatuak suerta daitezen eta Topaketaren gaiaz parte hartzeko, entzuteko, eztabaidatu eta hizketan egiteko zailtasun berezirik eta desberdintasun larriegirik egon ez dadin.
  • Lan saio guztiak metodologi eta diseinu berdinarekin garatuko dira.
  • Taldekako lana suspertzeko era honetako prozesuetan eskarmentua duten lagun batzuen lankidetza izango dugu.
  • Topaketak Trintxerpeko Karmengo Ama eskolan izango dira ekainaren 13, 20 eta 27an 10:00etatik 13:00etara.

Amaitzeko, azpimarratu nahi dugu gobernu talde honek udal kudeaketan herritarren parte-hartzea sustatzeko duen konpromisoan beste urrats bat dela hau, horretarako informazioa eta iritziak trukatzeko, eztabaidatzeko, proposatzeko eta erabakiak hartzeko guneak sortuz. Ziur gaude gure herria beste modu batean eraiki daitekeela eta hala egin behar dela. Halaber, Pasaiako bizilagunak animatu nahi ditugu prozesu berri honetan parte har dezaten, denontzako oso interesgarria eta aberasgarria izango dela ziur baikaude.


| Donibane Kalea , 19 - (20110). Telefonoa:943 344034, Faxa:943 515447 | © Pasaiako Udala. IFK P2006900-A