Fecha actualización:
  • Azken eguneratzea: 2009/04/24
Seleccione su idioma:
inprimatu bidali Aa Aa
Pasaia

?

2009/04/22: Biteri partehartze prozesuaren balorazioa 

Prentsaurreko honen helburua da Biteri Plazaren ordenazioaren inguruan egin genuen herri galdeketaren balorazioa egitea eta horren ondorioz gobernu taldeak egin duen proposamena jakinaraztea.

Lehenik eta behin, Biteri Plazako parte-hartze prozesuan partaide izan ditugun herritarren esfortzua eta lana publikoki aitortu eta eskertu nahi dugu, beraiek gabe prozesua bera eta herri galdeketa ezinezkoak izango baitziren.

Alkateak eta bere gobernu taldeak asko ikasi dute prozesuan zehar eta horretan jarraitzeko borondate sendoa dute. Garrantzitsua izan da herritarren artean parte-hartzeko izan den gogoa; eta garrantzitsua izan da, era berean, udalak borondate hori jaso eta bere egin izana. Funtsezkoa izan da borondate hori partekatu izana eta guztiona egin izana. Horregatik, informazio, komunikazio, parte-hartze, eztabaida eta erabakitze prozesu hau bururaino eramatea lortu denez gero, beste gabe, esan liteke arrakastatsua izan dela. Protagonismoa herritarrek, parte-hartze prozesuak berak eta herri galdeketak izan dute, eta horrenbestez, gauzak beste era batera egin daitezkeela frogatzeko adibide ona izan da. Tutoretzarik gabe, paternalismorik gabe, ikusmira ireki batekin eta lan desinteresatuarekin.

Parte-hartze horren emaitzak eta ondorioak hauexek izan dira:

  • Planeamenduaren inguruan ez zegoen adostasunik, ezta ondorio zehatzik ere.
  • Kontsulta zabalago bat egitearen aldeko iritzia zen nagusi, eta hortik etorri zen proposamena.
Horren aurrean Udalbatzak herri galdeketa egitea erabaki zuen, eta joan den martxoaren 28an burutu zen.

HERRI GALDEKETAREN BALORAZIOA

Herri galdeketak benetan arrakasta izan du. Eta ez bakarrik jarraian aztertuko dugun parte-hartze altuagatik, baizik eta benetako demokraziaren, borondate politikoaren, gauzak beste modu batera egitea posible denaren, eta, nahi bada, Pasaiatik eta pasaitarrekin lan egin daitekeenaren adibide praktikoa izan delako.

Herritarrek oso modu txukunean erantzun dute. Datuak erantsirik badoaz ere, hona hemen balorazio xume bat.

Parte-hartzea ona izan da, ia 1.000 herritarrek, zehazki 948k, hartu baitute parte. Kontuan hartu beharra dugu, Donostian erroldatuta egon arren, antxotarrak diren ia 120 herritarrek hartu dutela parte, kopuru esanguratsua. Antxon erroldaturik daudenen artean, parte-hartzea %21ekoa izan da.
Botoa eman dutenen artean, 760 Biteri Plazarako onartua dagoen hirigintza planeamenduarekin aurrera ez egitearen alde agertu dira, eta 188 alde. Beraz, iritzia eman dutenen artetik, %80 ezezkoaren alde agertu dira, eta %20 baiezkoaren alde.

Galdeketa egunaren inguruan azpimarratzekoa da, batetik, normaltasun osoz egin zela, eta, bestetik, mahaietan zeuden herritar boluntarioek erakutsi zuten  prestutasuna eta jarrera ona, haien artean baziren zinegotzi batzuk. Halaber, galdeketan parte hartu zutenen artean zegoen ilusioa nabarmendu behar dugu, jendea pozik etorri zen iritzia agertzera, eta garbi dago asmatu egin genuela aukera hori ematea erabaki genuenean.
Prozesu honen bitartez, hurrengorako ikasteko balio beharko liguketen kontu batzuk ere azaleratu dira. Nagusiena,  herritarrek Antxori buruz pentsatua dagoenaz informazio urria dutela, nahiz jendeari informazioa helarazteko komunikazio bide dezente erabili ditugun. 


ONDORIO GARRANTZITSUENAK

Herritarrek oso modu garbian adierazi dute zein den beren iritzia: erabaki dute udalak Biteri Plazarako aurreikusia zegoen plangintzarekin ez lukeela jarraitu behar.


Gobernu taldeak herri galdeketaren emaitza kontuan hartu eta bere egingo zuela esan zuen, eta erabaki hori bete egingo du. Horregatik, Udalbatzari proposatuko diogu Biteri Plazarako proiektuarekin ez jarraitzea, eta gune horri dagokionez Arau Subsidiarioen garapena bertan behera uztea. 


| Donibane Kalea , 19 - (20110). Telefonoa:943 344034, Faxa:943 515447 | © Pasaiako Udala. IFK P2006900-A