Israelgo Gobernuak, nazioarteko komunitateari aurka eginez, Gazako eremuan hamarnaka helburu bonbardatu ditu, 400 hildako baino gehiago eta 1.500 zauritutik gora eraginez. Kopuru hori handituz doa egunak pasa ahala.
Halako sarraskiaren aurrean, Pasaiako Udalak aurkako iritzia agertu eta egoera hori salatzen du. Halaber, gainerako erakundeei eta nazioarteko komunitateari eskatzen die presioa egin dezatela eta beharrezko neurriak har ditzatela, eraso gehiago ekiditearren.
Hori dela eta, Pasaiako Udaleko Eledunen Batzordeak gaurko egunean premiaz akordio hau hartu du:
LEHENA.- Pasaiako Udalak guztiz arbuiatzen ditu Israelgo Estatuak Gazako herritarren aurka egindako erasoak, ehunka hildako eragin dituztenak; eta exijitzen du berehala gera dadila, hamarkada askotan Israelgo Estatuaren izuaren mende egon den palestinar herriaren aurkako borroka.
BIGARRENA.- Premiaz 12.000 euroko ekarpena egitea, eta Gazako agintariei helaraztea, palestinar herriak legitimoki eta demokratikoki aukeratu zituen agintari horiei.
HIRUGARRENA.- Nazioarteko komunitateari, bereziki Europar Batasunari, eskatzea eraso berri eta basati hau gaitzesteko –ekintzen bidez ere bai–, funts ekonomikoak liberatuz eta jendea bidaliz, palestinar herriari bere eskubide legitimoak gauzatzen laguntzearren.
Ildo horretan, nazioarteko komunitateari eskatzen diogu Palestinari buruz NBEk behin eta berriz hartutako erabakiak betearazteko, horretarako zehapen-neurri diplomatikoak hartuz, eta baita neurri hertsatzaileak ere; eta ondoren, elkarrizketa eta negoziazio prozesu bat irekitzeko, gatazka horren amaiera ahalbidetuko duena.
LAUGARRENA.- Nazio Batuen demokratizazioa eskatzea, NBEren Segurtasun Kontseiluaren beto-eskubidea desagerraraziz.
BOSGARRENA.- Herritarrei dei egitea, basakeria hau salatzeko egiten diren gaitzespen-ekitaldi guztietan parte har dezaten.
SEIGARRENA.- Akordio honen berri ematea hedabideei eta aipatutako erakunde publikoei.
Pasaian, 2008ko abenduaren 30ean