Fecha actualización:
  • Azken eguneratzea: 2009/04/20
Seleccione su idioma:
inprimatu bidali Aa Aa
Pasaia

?

2008/11/25: Azaroaren 25eko adierazpen instituzionala, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna 

Beste urte batez, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, Pasaiako Udalak salaketa egin nahi du eta biolentzia matxistaren aurka lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen du, gure udalerrian ere irauten duen gaitza baita.

Jakin badakigu emakumeen kontrako biolentziak kontzientzia kolektiboan sakonki errotutako jokabide-eredu soziokultural batean oinarrituta dagoela. Emakume eta gizonak gizarteratzeko modu desberdinean du jatorria, non eratzen, igortzen, barneratzen eta adierazten diren generoaren rolak eta estereotipoak, eta, aldi berean, biolentziaren beraren legitimazio sozial eta kulturaleko prozesuen bidez indartzen den.

Emakumeen kontrako biolentzia, besteak beste, beldurraraztearen, eraso fisikoaren, bortxaketaren edo abusuaren bidez gauzatzen da; baina baita modu finagoen bidez ere, esate baterako, isolamenduaren bidez, txantaje emozionalaren bidez, manipulazioaren bidez, erasoaren bidez, gutxietsiz eta, batez ere, biktima kontrolatuz. Metodo horiek antzematen zailagoak dira.

Beraz, alde batetik, arau horiek emakumeen eta gizonen berdintasunean oinarritutako kultura baterantz bideratu behar dira; eta bestetik, gizonak estrategia horietan sartu behar dira, indarkeria mota oro desagerrarazteko borrokan emakumeekin batera aktiboki kolaboratzera konprometiaraziz.

Euskal Herrian emakumeon kontrako indarkeria arazo sozio-politiko nagusia dela ondorioztatu dezakegu, hortaz beharrezkoa da adierazpenetik konpromiso politikoetara pasatzea, martxan dauden lege, protokolo, agindu eta akordio inter-instituzionalak partzialak baitira eta ez dira eraginkorrak.

Horregatik, udal honek:

  •   KONPROMISOA HARTZEN DU, bere eskumenen esparruan eta indarreko legeria aplikatuz, berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako udal politika aktibo, osoa eta koordinatua garatzeko, hitzetik ekintzetara pasatuz.
  • Indarkeriari aurre egiteko politika integralari dagokionez, mota desberdinetako neurriak hartu beharko ditugu kontuan, besteak beste, heziketan oinarritutako prebentzio neurriak, eraso baten ondorengo laguntza-neurriak, edota erantzun soziala artikulatzeari begirakoak.
  • Gizon zein emakumeei, hezkuntza komunitateari, instituzioei, eragile sozialei eta gizarteari oro har eskatzen diegu, egunerokotasunean lehentasunezko helburu bezala har dezaten genero biolentziaren aurkako borroka, berdintasunerako heziketa eta jendartearen kontzientziazioa.

Pasaiako Udalak GONBITA EGITEN DIE herritar guztiei, azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, herri mailan, eskualde mailan edota herrialde mailan egingo diren ekitaldietan parte hartzera.

Pasaian, 2008ko azaroaren 25ean

| Donibane Kalea , 19 - (20110). Telefonoa:943 344034, Faxa:943 515447 | © Pasaiako Udala. IFK P2006900-A