Fecha actualización:
  • Azken eguneratzea: 2009/04/20
Seleccione su idioma:
inprimatu bidali Aa Aa
Pasaia

?

2008/10/24: PNV eta PSOEk gure udalerriari buruz hartutako akordioaren inguruan Pasaiako Alkatetzak egiten duen balorazioa 

Azken aste hauetan hedabideetatik sekulako albiste zaparrada jasan behar izan dugu. Pasaiak jarraitzen du garrantzizkoa izaten informazio aldetik, eta komunikabide askotan lehen orrian agertzen da. Zoritxarrez, albistea beti antzekoa izan ohi da, aurrez jada hartuak dituzten erabakiak antzeztu egiten dituzte, oraintxe agertoki batean eta hurrengo bestean. Eta zoritxarrekoa izan ohi da erabakiak hartzen dituztelako pasaitarrok hartu ditugun akordioei muzin eginda.

Azken aste hau oparoa izan da oso, ardatz komun erabakitzeko esparrua duten albisteetan. Gaur zortzi prentsara atera behar izan nuen IU-EBren jarrera salatzeko; izan ere, pasaitarrak gutxiesten zituen, beren sukaldean berek bakarrik egositako ekintzak iragarriz. Eta aste honetan berriz, etengabe entzun, ikusi eta irakurri behar izan dugu PNV eta PSOEren arteko akordioaren edukia, eta horren bidez ere kanpoan eta kanpotik erabaki nahi da herri honen etorkizunak nolakoa behar duen izan.

Nahiz eta bistakoa izan, gogoratu nahi diet bi alderdiei udalak eta haien udalbatzarrak direla euren lurraldeak antolatzeko gaitasuna duten instantzia bakarrak. Eta Pasaia ez da salbuespena beraren hirigintza etorkizuna erabakitzeko orduan. Udalak erabakiko du, herritarren parte-hartze zuzenarekin batera, La Herreran etxebizitzak egingo diren ala ez, zer azalera erabiliko den eraikitzeko, zenbat espazio libre diseinatuko diren, zein ekipamendu kokatuko diren, etab.

Hirigintza-plangintzaren helburuak ezin du izan bi alderdi horiek egikaritzea erabaki duten proiektuen kontuak orekatzen ahalegintzea. Lurraldearen antolaketaren oinarria inguruneko hirigintza eta gizarte errealitatearen analisiak izan behar du. Lotsa emangarri da guztiz, kanpo kaiaren proiektu megalomanorako diru-funtsak lortzeko duten beharra izatea ardatza La Herrerak nolakoa izan behar duen erabakitzeko orduan. Ahaztu egiten zaie ingurune honetan bizi garenok espazio libre eta ekipamendu aldetik zer-nolako gabeziak ditugun, eta beste behin ere, presio espekulatzailearen pean edukiarazi nahi gaituzte, seguru, beren herrietan egingo ez luketena. Orduan ahaldun nagusi eta egun portuko agintaritzako burua eta ekimen horren bultzatzaile nagusi denak esan zuen behiala nahiko zituzkeela bere herriarentzat Pasaian egiten diren inbertsioak. Gauzatxo bat esatea ahaztu zitzaion: inbertsio horien xedea ez dela pasaitarron bizi kalitatea hobetzea, baizik eta enpresaburuen sektorearen mozkinak handitzea, portuko jarduerei loturik. Bestela, galde beza pasaitarren artean euren bizi-maila eta hiri-kalitatea Zarautzek duenaren antzekoa den. Erantzuna agerikoa da, begien bista-bistan baitago.

Berriz ere, inbertsioen helburua da Portuko Agintaritzari, portuaren euskarri den enpresa-sektoreari, dauzkaten negozioekin jarraitzeko erraztasunak ematea. Eta horretarako, berroneratze gisa saltzen dituzte portuan egiten diren inbertsioak –pabilioi berriak eraiki eta portuko espazioak urbanizatu eta bertan pabilioiak jartzeko helburua dutenak–; horrez gain, La Herrerako lurretan kutsadura garbitzeko betebeharra barkatzen diote portuari, eskaintzarik onena egiten duenari inolako kosturik gabe saltzearren. Jabe pribatuei onartzen ez zaiena onartzen zaio Portuko Agintaritzari, Estatuaren kontuen bitartez. Diru publikoa erabiltzen da berriz ere jabari publikoan uzta berria jasotzeko La Herrerako lurretan.

Ekintza horien helburua egungo egoera edo status quoari eustea da, Pasaiaren ekonomia hedatzea eta balio erantsia ematea eragozten urteak daramatzan ekonomia- eta enpresa-sektorea indartuz, eta herriko merkataritza hondoratuz. Hirigintza-aprobetxamenduei eta berroneratzeari buruz hitz egiten dute, eta benetan esan nahi dutena negozioa da, erabat alderdikoia den proiektu faraoniko bat eraikitzeko dirua.

Pasaitarrei errespetua zor zaie, eta errespetua exijitzen dut euren etorkizuna erabakitzeko eskubidearentzat. Bitxia da politikoki bere lana erabakitzeko eskubidean oinarritzen duenak orain hori bera ez errespetatzea.

Argi eta garbi utzi nahi dut herri honen etorkizunari buruzko edozein erabaki Pasaian hartuko dela, bertan bizi eta lan egiten dugunon artean. Lanean jarraituko dugu, partidu horietako buruzagiek eskubide hori lapur ez diezaguten, ez Sabin Etxea, ez Ferraz, ez Diputatuen Kongresua, ez Aldunkiko Jauregia ez daitezen izan erabakitzeko esparruak.

Udalaren eskumenak errespetatzeko exijitzen dut, eta herritarrek euren etorkizunari buruzko erabakietan iritzia emateko eta parte hartzeko eskubidea ere bai.

Pasaian, 2.008ko urriaren 24ean
Alkatea
Maider Ziganda Población


| Donibane Kalea , 19 - (20110). Telefonoa:943 344034, Faxa:943 515447 | © Pasaiako Udala. IFK P2006900-A