Fecha actualización:
  • Azken eguneratzea: 2008/07/21
Seleccione su idioma:
Pasaia
     

Pasaiako portuko plan estrategikoa

Beste behin ere Pasaiako Portu Agintaritza jokatzen ari den papera lotsagarria da. Lehen inkestarekin egin zuten bezala, beraien nahietara moldatu eta eginiko dokumentu bat aurkeztu dute.

Aurkeztu duten dokumentua lotsagarria da 500 orriko dokumentu lodia izan arren, ez duelako gaian sakontzen eta kanpo-kaiaren beharraren azterketa seriorik ez duelako egiten.

Lotsagarria da egitasmoari EKOPORTU izena jartzea ere, teknologia berrien erabilera eta badiaren birgaitzea aitzakiatzat  hartuz.  Jaizkibelgo ingurunea hondatzeaz gain, badiari eta eskualdeari ingurumen-arazo berriak ekarriko dizkiola ez baita kontuan hartzen.

Plan estrategikoaren dokumentuak aitortzen duen bezala, portuaren egitekoa inguruko garapen sozioekonomikoa bultzatzea eta lurraldeko gizarteari eta ekonomiari zerbitzu ematea izan behar luke, horretarako beharrezko den estrategia definitu eta kudeaketa-plan egokia eginez.

Horren ordez, kanpo-portua justifikatzeko dokumentua sortu dute. Egin duten Plan Estrategikoak ez du egungo portua nola kudeatzen den aztertzen, ezta azpiegitura honek lurraldeko beharrei nola erantzungo dien aipatzen. Halaber, egungo portuko jarduerak gaizki edo modu desegokian egiteak sortzen dituen kalteak arintzeko ez da inolako neurri zuzentzailerik proposatzen.

Egun, portuak mugitzen dituen merkantziak balio gutxikoak direla aitortu arren, horiekin jarraitzea proposatzen da. Plan Estrategikoa produktu hauekin lan egiten duten enpresen interesetara makurtzen da eta betiko kapitalistei eta eredu neoliberalaren beharrei soilik erantzuten die. Aipatu eredu neoliberalak ezarritako logistika-beharrei erantzunez, egungo badiarekin gertatzen den bezala, kanpo-portua enpresen biltegi  eta negozio-lur bihurtu nahi dute. Horrengatik eta horretarako bakarrik nahi dute.

Kanpo-portuaz gain, asmo berean kokatzen ditugu Gaintxurizketako korridorean egin asmo dituzten azpiegitura logistikoak, AHTa, errepide-sare berriak eta gainerako azpiegiturak. Behin eta berriz esan dugun bezala, eskualdea eta lurraldea kolapsatzea ekarriko duten asmoak dira eta herritarren bizi-kalitatearen hobekuntzarekin ikusteko gutxi dutenak.

Plan Estrategiko horrek ez du aztertzen Pasaiako Portuak nola erantzun behar liekeen lurraldearen behar sozioekonomikoei. Horren adierazgarri ezin hobea da dokumentuaren 500 orrialdeetatik inguruko lurraldearen azterketa sozioekonomikoari dagozkionak ez direla 4 orrialdetara iristen eta gainera, horietan ez da inolako daturik aipatzen.

Kanpo-portuak salgai gehiago eta dibertsifikatuagoak erakarriko dituela iragarri arren, ez du  azaltzen hori nola gauzatuko den. Azterketa guztiak egungo produktuen balizko eboluzioaren gainean oinarrituak daude. Gogora dezagun produktu hauek balio gutxiko merkantziak direla aitortzen duela.

Portuak merkantziak garraiatzeko gaitasuna handitu beharra duelakoa ez da inongo datutan oinarritzen, egungo portua saturatua dagoela esaten da, baina zein beharri erantzuteko egin behar den portua ez da aipatzen. Logistika-azpiegitura berri batek ez du lurraldeko industriaren ekoizpen-gaitasuna handitzen. Dokumentu osoan  bezero berri gisa hiru enpresa bakarrik aipatzen dira. Hauetatik bik, egun, Bilboko portua erabiltzen dute eta hirugarrena, badia barruan kokatua dago eta ez da kanpora ateratzea aurreikusten (ESERGUI S.A. hidrokarburoak, MCC/ATEGI eta ZAMAKONA untziola).

Ezker Abertzaleko kideok portuaren alde gaude, portu egoki eta eraginkor baten alde. Gipuzkoako ekonomiarako eta inguruan dituen lurraldeetarako estrategikoa izango den portu baten alde, Baionako eta Bilboko portuekin bat, Euskal herriko jarduera ekonomikoaren zerbitzura eta mesedetara arituko dena.

Kanpo-kai erraldoi, suntsitzaile eta interesatu bat ez dugu onartuko. Ez ditugu onartzen ezta ere, ildo berean doazen gainerako azpiegiturak. Ez da inolaz ere onargarria inposatzen ari diren eredu neoliberala, gure lurralde txiki bezain aberatsa xahutuko duena.

Hiru arrazoi ditugu kanpo-kaiaren aurka azaltzeko:

  • Ez da inoiz haren beharra arrazoitzen.
  • Ez dago daturik ekonomikoki bideragarria dela baieztatzeko. Ez da  honelako azpiegiturak beharko  lukeen  inbertsio publikoa arrazoitzen.
  • Gure balio natural, eder eta bakarrenetakoa suntsitzea ekarriko luke. Ez dago neurri zuzentzailerik txikizio hau konponduko duenik.

Alferrik da EKO aurrizkia jartzea eta diskurtsoa iraunkortasunez betetzea. Hori, herri honi iruzur egitea da.

Pasaiako Portu Agintaritzari eta beste erakundeei erokeria hau alde batera utz dezatela eta Pasaiako Portuaren benetako Plan Estrategiko serio bat egin dezatela eskatzen diegu. Egungo kaiaren kudeaketa aztertuko duen plan estrategiko bat, jarduerak gaizki egitean sortzen diren kalteak arintzeko neurri zuzentzaileak proposatzen dituena eta badiaren birgaitzea ahalbideratuko duena. Ez dugu onartuko badiaren birgaitzea kanpo-portuaren eraikuntzarekin baldintzatzea. Xantaia hau ez da bidezkoa!

Era berean, Euskal Herriaren lurralde-antolaketa ereduaren eztabaida sakona eskatzen dugu, herritarroi dauden aukeren inguruko informazio argia eman behar zaigu, zorrotz baloratzeko eta sakon eztabaidatzeko aukera eskainiz. Horretarako parte-hartze prozesu zabala irekiz.


| Donibane Kalea , 19 - (20110). Telefonoa:943 344034, Faxa:943 515447 | © Pasaiako Udala. IFK P2006900-A