Pasaiako Udalak gora jotzeko errekurtsoa jarri du Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko Sailburuaren aurrean, Ingurumen Sailburuordeak emandako ebazpenaren aurka, zeinaren bitartez ingurumen-baimen integratua ematen zaion Pasaiako zentral termikoari; bere ustez ebazpena ez datorrelako zuzenbidearekin bat eta udal interesen aurkakoa delako, besteak beste, honako arrazoiengatik:
Pasaiako zentral termikoak ez du jarduera-lizentziarik, 1964an emandako behin-behineko lizentzia behin-betikoa izateko zehaztu ziren baldintzak ez baitira inoiz bete.
Honen ondorioz, ezin da onartu zentralaren instalazioak legez aurrez existitzen direnik. Aldiz, espedienteari existitzen diren instalazioei ezartzekoa den araubidea ezarri zaio eta existitzen diren instalazioak egokitzeko prozedura bideratu da, ohiko prozedura aplikatu ordez, ingurumen eta osasunarekiko bermeak nabarmenki txikituz.
Udalak, Iberdrolak Pasaian duen zentral termikoari buruz, ezezko hirigintza-txostena bidali zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzako Ingurumen kalitatearen Zuzendaritzari, honek egindako eskaerari erantzunez; zentral termikoaren erabilera bateraezina baita Pasaiako udalerrian indarrean dagoen hirigintza-antolamenduarekin. Honek, legez, espedientearen artxibo automatikoa ekarri beharko luke.
Nabaria da, beraz, udal eskumenak gutxietsi direla, udal erakundeari zor zaion errespetua eta begirunea galtzeraino, udalak prozedura honetan egindako txostenen edukiari entzungor eginez.