Fecha actualización:
  • Azken eguneratzea: 2008/11/06
Seleccione su idioma:
Pasaia
     

2008/7/2: Prentsa oharra, portuko Plan Berezia izapidetzeko udal akordioa eteteko erabakiari buruzkoa

EAE-KO AUZITEGI NAGUSIAK EZ DIO ALDUNDIARI BABESIK EMAN PORTUA ANTOLATZEKO

PASAIAKO UDALAK AURKARATU EGINGO DU, PLAN BEREZIA IZAPIDETZEKO UDAL AKORDIOA ETETEN DUEN EAE-KO AUZITEGI NAGUSIAREN ERABAKIA

Pasaiako Udalak zenbait zehaztapen egin nahi du, gaur prentsan zabaldu den berri bati dagokionez; hain zuzen ere: Pasaiako Udalbatzak Portuko Plan Berezia izapidetzen hasteko hartutako akordioaren aurka Portuko Agintaritzak aurkeztu zuen errekurtsoari buruz, EAEko Jusitizia Auzitegi Nagusiak hartu duen erabakia. Zabaldu den berri horretan ez da informazio osoa ematen, eta horrek nahasmena sor dezake, izan ere, ezkutatu egiten da autoaren zati bat, argi eta garbi adierazten duena erabakia kautelazkoa dela; gainera, ez da erabakirik ematen oinarrian dagoen auziari dagokionez.
Lehenik eta behin, adierazi behar dugu ez dela egia EAEko Auzitegi Nagusiak bere ebazpenean Aldundia babesten duenik Pasaiako portuaren antolamendua egiteko. Portuko Agintaritzak, Pasaiako Udalak Plan Berezia izapidetzen hasteko hartutako akordioaren aurka jarri duen helegiteari dagokionez, EAEko Auzitegi Nagusiak onartu egin du akordioaren betearazpena etetea; baina erabaki hori hartu du oinarrian dagoen auzia argitu gabe, hau da: zein administraziok duen eskumena Portuko Plan Berezia izapidetu eta onartzeko. Beraz, auzitegiak argi utzi du ez dela oinarrian dagoen auzia argitzeko unea, eta auzi hori bi helegiteen epaian argituko dela: udalak Aldundiaren onarpena dela-eta aurkeztutako helegitea, eta Portuko Agintaritzak udal honen akordioaren aurka aurkeztutako helegitea. Erabaki horrekin kautelaz eten du udal akordioaren betearazpena, oinarrian dagoen auzia konpondu arte.
Bigarrenik, adierazi behar dugu Portuko Agintaritzaren argudioa zentzugabea dela: kaos urbanistikoa gertatzeko arriskua aipatu dute, eta portuak berak atzeratu du bere espazioen antolamendua,  jakinaren gainean eta nabarmenki, bere jarduerak hirigintza- eta ingurumen-kontroletik urrun egiten jarraitzeko. Portuko Agintaritza da gaur egun legea betetzen ez duena, jarduera-espedienteei dagokienez eta ingurumenarekiko eta badiaren inguruan bizi garenekiko errespetuari dagokionez.
Azkenik, jakitera eman nahi dugu Pasaiako Udalak erregutze-helegitea aurkeztu duela Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakiaren aurrean, eta auzitegi horrek ebatzi beharko duela helegite hori.


| Donibane Kalea , 19 - (20110). Telefonoa:943 344034, Faxa:943 515447 | © Pasaiako Udala. IFK P2006900-A