Fecha actualización:
  • Azken eguneratzea: 2008/06/26
Seleccione su idioma:
Pasaia
     

Denon artean eta denontzako Antxo eraikiz

Honako honen helburua da aditzera ematea nola ari garen betetzen  hartutako konpromisoak. Zein konpromiso? Hain zuzen Antxoko Biteri Plazari buruz Arau Subsidiarioen garapenaren barruan  informazio, komunikazio, parte-hartze, eztabaida eta, hala badagokio, erabakitze prozesu bat aurrera eramateko konpromisoa. Erabaki horrekin batera, Udaleko Osoko Bilkuran Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako hitzarmenaren aldaketarako proposamenaren inguruko eztabaida atzeratzea ere erabaki genuen. Gure konpromisoa hauxe zen, eta da: herritarrei, eta kasu honetan antxotarrei, beharrezkoa duten informazio osoa ematea gure herriko estrategia eta proiektuei buruz azterketa, eztabaida, proposamenak eta erabakiak hartzeko.

Gure herriaren etorkizuna eraikitzeko erabakigunea Pasaian dago eta konbentzituta gaude pasaitar guztion artean egingo dugula. Herri honek badu gaitasuna zuzenean eragiten dioten gaiei buruz erabakitzeko. Gure oinarria daukagun konpromiso sendoa da, etorkizuna batera eraikitzeko pasaitar guztiok, emakume nahiz gizon.

Komunikazio prozesu honek, eztabaidatzea eta erabakitzea, adibide bezala balio dezake, erakutsi dezake, nola bultzatu ekintzak eta estrategiak; herritarrek bere egin dezaten udal kudeaketa, erabakitzearen bidez.
Hilabete hauetan asko idatzi da eta hitz egin berriz, askoz gehiago, udal honen eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren artean sinatu den Hitzarmenaz. Antxoko biztanleek iturri onetik jakin dezaten hirigintza aldetik zer garapen proposatzen den, eta horretarako prozedura zein den, atzeratu egin da hitzarmenaren aldaketa udalbatzarrean eztabaidatzea; hain zuzen antxotarrek proposamena zein den jakinda eztabaidatu eta erabaki dezaten.

Beraz, Biteri Plazarako egindako proposamena, Antxoren garapenean kokatua, izango da prozesu honen ardatza.


(Irudia haunditzeko sakatu gainean)
BITERI ANTXOKO GARAPENAREN BARRUAN ATAL BAT

Biteriko orubeen garapenerako proposatzen dena ezin dugu ulertu Pasaiako Arau Subsidiarioak Antxorako aurreikusten zutena eta egun ezagutzen duten errealitatea kontuan hartu gabe. Hirigintzak Antxorako zuen eta duen helburu nagusia da eraikin eta jarduera zaharrek betetzen zituzten espazioetatik, kalitatezko hiri eremuak lortzera igarotzea eta gune libreen eskasia gainditzea. (Molinaoko errekaren parkea, Luzuriaga, barrutiko hainbat kale eta plazen eraberritzea, N-1...)
Horrela bada, testuinguru horretantxe kokatu behar dugu Biteriko proposamena, betiere horretaz dauden iritzi desberdinak errespetaturik. Lehendik okupatuak zeuden orubeak alokairuzko etxebizitzak egiteko erabiltzeaz gain, proposamenak espazio libreen urbanizazioa eta lur azpiko aparkalekua lehenesten ditu, lehen aipaturiko helburu horren mesedetan. Finean, operazio honek plazako espazio libreen kalitatea hobetu nahi du.

HITZARMENAREN EDUKIA
  • Bi eraikin alokairuko bizitegiekin, tamaina aldetik txiki samarrak.
  • Lehenbizikoa 30 bizitegikoa, lehen eskola zegoen orubean; eta bestea 18koa, Alkateordetzako orubean.
  • 96 parking-leku udalak kudea ditzan.
  • Udalak Alkateordetzako beheko solairuan berak deritzon erabilera egokiena emateko eta lehen solairuan Alkateordetza jartzeko 230 m jasotzen ditu.
  • Biteri plazako espazio libre guztiak urbanizatzea, gaur egun dagoen pilotalekua barne.


HITZARMENAK EZ DITU BITERIKO PILOTALEKUA ETA BERE ESPAZIO LIBREAK HIPOTEKATZEN, ALDERANTZIZ, HAIEK IRABAZI EGITEN DUTE KALITATEAN.
HITZARMEN HONEK BIDEA IREKITZEN DU ALOKAIRUZKO ETXEBIZITZEN SUSTAPENA EGITEKO, BATEZ ERE GAZTEEI LEHEN ETXEBIZITZA IZATEKO AUKERA EMATEKO.
HITZARMEN HONEK ANTXOREN ERDI ERDIAN 96 APARKALEKU EMATEN DIZKIO UDALARI.

PROZESUAREN METODOLOGIA

 Pasaiako Udalak aurrera eramango duen parte-hartze prozesuan horrelakoetan adituak diren Elhuyarreko langileek parte hartuko dute aholkularitza, garapena eta dinamizazio lanak eginez, eta honako metodologia planteatu dute, euskarri eta fase hauekin:

  • Datorren ekainaren 26an lehenengo Komunikazio eta Informazio foroa izango da: parte hartu nahi duten pertsona guztiei irekia izango da eta bertan emango da eztabaidatuko den gaiaren inguruko informazio guztia eta prozesuak jarraituko duen metodologia azalduko da, eta parte hartzeko modu ezberdinei buruz xehetasunak ere emango dira.
  • Hemendik aurrera, eztabaida foroak antolatzeko lanari ekingo diogu. Horretarako kontuan hartuko dira bere burua eskaini dutenak, horretarako erabilgarri jarriko diren edozein bitartekoren bidez, eta baita ausaz hautatutakoen artean parte hartzearekin ados daudenak ere. Honen helburua da Antxoko errealitate sozialaren isla izango diren taldeak osatzea.
  • Irailaren 18an bigarren Komunikazio eta Informazio foroa izango da, lehenengoa bezala, nahi duen orori irekia. Foro honetan eztabaidatuko den gaiari buruz eta garatuko den prozesuari buruz informazio sakonagoa emango da.
  • Irailaren 23an eta 25ean Eztabaidarako foroak egingo dira. Horiek irailean egitea proposatzen da oporraldia ez delako aldirik egokiena parte hartu nahi duten guztiei aukera hori bermatzeko. Eztabaida foroan parte hartu nahi dutenek bitarteko hauek erabili ahal izango dituzte:

    • Pasaialanduz@pasaia.net helbide elektronikoa.
    • Antxoko Azokan kokatuko den postontzia.
    • Alkatetza
    • Antxoko Alkateordetza

  • Eztabaida foroetatik jasotako iradokizun, hausnarketa eta ekarpenak, hots, bertatik ateratako ondorioak jendarteratuko dira azken erabakia hartu ahal izateko.

Amaitzeko, Antxoko bizilagunak animatu nahi ditugu prozesu honetan parte hartzera, eta hasieran esaten genuen bezala, berresten dugu gure konpromisoak betetzeaz gain, sinetsi egiten ditugula eta ziur garela garatzera goazen prozesu hau aurrerapauso garrantzitsua izango dela eztabaidaren, elkarri entzunez elkar ulertzearen eta gauzak partekatzearen kultura berrian. Esaldi batean: denok elkarlanean gizartearen behar eta interesen alde.
| Donibane Kalea , 19 - (20110). Telefonoa:943 344034, Faxa:943 515447 | © Pasaiako Udala. IFK P2006900-A