
Arizabaloko Jauregia
Datorren ostegunean, 2008ko maiatzaren 22an, Donibaneko Arizabalo Jauregian (Donibane kalea 19) kokatuko den udal egoitza berria zabalduko dugu.
Urte luzeak pasa dira Udalak egitasmo horri heldu zionetik eta, azkenik, iritsi da asmoa egina ikusteko unea.
Esan bezala, asteazkenean, 21, egingo dugu azkeneko aldiz lan egungo egoitzetan eta ostegunetik aurrera, 22, Arizabalo Jauregian aurkituko dituzue egun Donibanen kokatzen diren zerbitzu guztiak, hau da, bulego orokorrak, hirigintza, arlo ekonomikoa eta gizarte ekintzako arreta.
Toki aldaketa herritarrentzat modurik errazenean egiteko lan handia egiten ari bagara ere, baliteke lehenengo egunetan hainbat zailtasun izatea zerbitzu egokia eman ahal izateko. Horregatik, aldez aurretik barkamena eskatu nahi dizuegu sortu daitezkeen eragozpenengatik eta, aldi berean, zuen pazientzia eskertu.
Halaber, laster izango duzue Udaletxea bere osotasunean ezagutzeko aukera, horretarako antolatuko dugun inaugurazio ekitaldian. Datozen egunotan emango dizuegu honen berri, eguna eta ordua zehaztuz.
Berriz ere zuen ulermena eskertuz, jaso ezazue agur bero bat.
Pasaian, 2.008ko maiatzaren 19an
Pasaiako Alkatea
Maider Ziganda