Euskarak Pasaian duen errealitatearen berri emateko, bi aldagai jaso ditugu ondorengo tauletan; 2001eko erroldako ezagutza-datuak, batetik, eta 2006an egindako euskararen kale-erabileraren neurketaren emaitzak, bestetik.
Datu orokorrez gain, adin-taldekako eta barrutikako datuak ere jaso ditugu.
Orri honen amaieran eskura daiteke azterketaren txostena pdf formatuan
Euskararen ezagutza Pasaian (2001eko erroldako datuak)
Pasaiako herritarren herena da euskalduna; laurdena, ia euskalduna; eta % 43a, erdalduna. Euskaldun gehienak, 5etik 4, alfabetatuta daude.
Ezagutzaren bilakaera azken 20 urtetan
Euskaldunen ehunekoa 10 puntu igo da azken 20 urteetan; ia-euskaldunena 12 puntu; eta erdaldunen multzoak 22 puntuko jaitsiera izan du.
Euskaldunen bilakaera adin taldeka
Bilakaerarik positiboena haur eta gazteen adin-taldeetan gertatu da: haurren ezagutzak 43 puntu egin du gora azken 20 urteetan eta gazteen ezagutzak 30 puntu. Helduen ezagutzak ere 6 puntuko igoera izan du. Adinekoak izan dira bilakaera negatiboa izan duten bakarrak, 9 puntutan egin dute behera.
Euskaldunen bilakaera barrutika
3 barrutitan euskaldunen multzoak gora egin du azken 15 urteetan: igoerarik handiena Trintxerpen izan da, 13 puntukoa. Erdaldunduena ere barruti horixe zen 1986an (euskaldunak % 10 ziren eta gaur egun % 23); Pasai Antxon eta San Pedron ia 10 puntu igo da euskaldunen ehunekoa (22-25etik 32-34ra); eta Donibanen, berriz, gehiago ziren euskaldunak orain 15 urte, 8 puntuko galera izan baitu multzo horrek (euskaldunena ere bera zen, eta hala da oraindik ere, beste barrutiak baino 27 puntu gorago baitago ehunekoa).
Ezagutza eta erabileraren arteko aldea
Euskaldunak herritarren % 33,5 badira ere, kale-erabilera % 17koa da. Euskaldunek euskaraz hitz egiteko euskaldunak izan behar ditu aurrean, eta aukera hori nahiko zaila izaten da euskaldunek ehuneko hori osatzen duten udalerrietan. Beraz, ezagutzaren eta erabileraren arteko alde hori arrunta dela esan beharra dago.
Erabileraren bilakaera (91-06)
Erabilera-indizea: % 17 da. Azken hirurtekoan maila horretan egonkor.
- 2001era arte beheranzko joera nabarmendu.
- 2001-2003: erabilerak goranzko joera hartu; 4 puntu igo.
- 2003-2006: % 17ren inguruan, egonkor mantendu.
Adin taldeen araberako erabilera
Adin-taldeka: haurrak dira euskara gehien erabiltzen dutenak (% 35); gazteen erabilera-indizea erdira jaisten da (% 17). Gutxien erabiltzen dutenak, berriz, helduak (% 12) eta adinekoak (% 8), herriko batez bestekoaren azpitik,
1991-2006. Adin-taldeka: 2003tik, haur, gazte, eta helduen erabilerak, apalki bada ere, behera.
- Haurrek indize altuenari eutsi. Azken hirurtekoan, % 35 inguruan egonkortu.
- Gazteen erabileran, 2003ko gorakada eten, eta 4 puntuko jaitsiera izan da.
- Helduen erabilera nahiko egonkor: 1999tik, apalki gorantz; azken hirurtekoan zertxobait behera egin du erabilerak.
- Adinekoena ere egonkor mantendu: azken seiurtekoan beheranzko joera apala.
Barrutietako erabilera
Zonaldeka: Donibane Meipin eta Donibane Zaharrean jaso dira indizerik altuenak; baxuenak, aldiz, Trintxerpen eta Pobladon.
Bilakaerak (1991-2006): - Donibane Meipin goranzko joera erabileran; % 37-38 inguruan egonkortu
- Donibane Zaharrean, aurreko egonkortasuna eten, eta beherantz.
- Trintxerpen bere horretan: baxu.
- Pobladon, egonkortasuna eten, eta gorantz.
- Antxon, azken bosturtekoan goranzko joera.
- San Pedro Zaharrean beherakadaren ondoren, areagotzen apalki.