Fecha actualización:
  • Azken eguneratzea: 2012/01/30
Seleccione su idioma:
inprimatu bidali Aa Aa
Pasaia

?

Lilaton 2012: Alkatearen gonbidapena lasterketan parte-hartzeko. Lasterketa prestatzeko bilerak 

Pasaiako emakume estimatu hori:

Donostiako Koordinadora Feministak 1990ean emakumeentzako bost km-ko lasterketa herrikoia antolatu zuen, Lilatoia izenekoa. Besteak beste, emakumeak kirola kalean egitera, lasterketa mistoetan parte hartzera eta kirolarekin atxikimendua izatera animatzeko eta, nola ez, emakumeek egindako kirol jardueren aitorpena aldarrikatzeko. Hogeita bi urte igaro dira, eta lasterketak gaur egun izen handia hartu du. Emakume askorentzat kirolean lehen urratsak emateko aitzakia ederra izan da.

Hogeita hirugarren Lilatoiaren atarian gaude eta, dagoeneko, asko zarete bertan parte hartzen urteak daramatzazuen pasaitarrak eta, tartean, baita prestakuntza-taldean aritzen zaretenak ere. Hala eta guztiz ere, nahiz eta motibazioa eta parte hartzeko asmoa askok izan duzuen, zenbaitzuk ez duzue betetzeko aukerarik izan. Aurtengoan zuen asmoa bete nahian, proposamen bat adostu dugu, Pasaiako M-8ko lantaldeak, Udaleko Gazteria eta Kirola Sailak eta Berdintasun Arloak, Lilatoi lasterketan ahalik eta emakumerik gehienek parte har dezazuen. Prestakuntza fisikoan indartzeko aukera izateaz gain, guztiok elkarrekin egin ahal izateak ondo pasatzeko aukera emango digu.

Hortaz, parte hartzeko asmoa duzuen emakume guztiei dei egiten dizuegu Lilatoia prestatzeko antolatu dugun batzarrera etor zaitezten. Bertan lasterketaren inguruko informazioa emango dugu, eta izen-emateari dagokionez, Pasaiatik bertatik egiterik ba ote dugun aztertuko dugu. Aldi berean, entrenatzeko taldeak sortzeko aukeraz hitz egingo dugu, eta lehendik entrenatzen ari zaretenekin koordinatzeko zer aukera dagoen ikusiko dugu.

  • San Pedro eta Trintxerpe: urtarrilaren 31n, 18:30ean Trintxerpeko Alkateordetzan.
  • Antxo: otsailaren 1ean, 18:30ean Kultur etxean.
  • Pasai Donibane: otsailaren 2an, 18:30ean Udaletxe zaharrean.


Gogora ekarri nahi dugu lasterketa hau herrikoia dela, eta guztion eskura dagoela. Beraz, anima zaitezke, eta etor zaitezte gurekin korrika egitera, eta elkarrekin gozatu eder bat hartzera.
 

Pasaian, 2012ko urtarrilaren 26an
Amaia Agiregabiria
Pasaiako alkatea
 


| Donibane Kalea , 19 - (20110). Telefonoa:943 344034, Faxa:943 515447 | © Pasaiako Udala. IFK P2006900-A