Fecha actualización:
  • Azken eguneratzea: 2007/08/29
Seleccione su idioma:
Pasaia
     

Abaraska Euskara Elkartea

Abaraska Euskara Elkartea 2000. urteko ekaina inguruan sortu zen. Euskara normalizatzeko lanean, Pasai San Pedron eta Trintxerpen egiteko handia zegoela jakinik, lan-talde bat osatu genuen, hainbat herritar bilduta.
 
Abaraska Euskara Elkartea deitu genion taldeari, erleek egiten duten moduan, guk ere, ari eta ari, “abaraska” euskaltzalez osatzeko helburua baikenuen. Euskaltzaleok bildurik, horrenbeste desio dugun fruitua jasotzeko ilusioz egiten dugu lan; alegia, euskarak, poliki-poliki, gizarteko funtzio guztiak berreskura ditzan Pasaian.

Egitasmoak

10 egitasmo ari gara kudeatzen gaur egun. Batzuk Pasaiako Udalak sortutakoak dira eta guk, harekin hitzartuta, kudeaketaren ardura dugu. Beste batzuk, berriz, elkarteak sortu eta garatzen ditu.

Abaraskaren berezko jarduera

Iñalkiña Aisialdi taldea Pasai San Pedron haurren aisian zegoen hutsunea betetzeko asmoz sortu genuen 2001. urtean.
3/12 urte bitarteko haurrak joaten dira bertara larunbatero, 16:00etatik 18:00etara.

Komunikabideei dagokienez, Oarsoaldeko hedabideak elkarteko bazkidea da Abaraska Euskara Elkartea. Helburua Oarsoaldean hedabideak hedatzea da, eta asmo horrekin sortu dira Oarsoaldeko HITZA eta ON aldizkaria.

Euskara eta kultura lan-taldea: herrian kultura-ekitaldiak antolatzea du xede, edota beste erakundeek antolatzen dituzte ekitaldietan parte-hartzea.
Besteak beste, diaporamak, dantza-ikastaroak, haur eta gazteentzako ikuskizunak, euskararen eguna, Korrika eta antzeko jarduerak antolatzen ditu lan-talde horrek.

Udalarekin hitzartutako egitasmoak

Hauetako batzuk eskualde mailakoak dira;  Eskolatik Kalera, adibidez. Beste batzuek, berriz, zabalkunde handiagoa dute; Kuadrillategik eta Mintzalagunak, esaterako.

Eskolatik Kalerak eskola orduz kanpoko jarduerak euskalduntzea du helburu, eta urte osoan zehar egiten dugu lan haurrentzako eta gazteentzako jarduerak antolatzen dituzten Pasaiako elkarteekin.
Horretaz gain, maiatzaren bigarren asteburuan, elkarte hauen urteko lana erakusteko Eskolatik Kalera Jaia ospatzen dugu Pasaiako barruti batean. 2006an, X. jaia antolatu genuen Antxoko barrutian.

Kuadrillategi, DBHko 2. eta 3. mailetako gazteentzat sortutako egitasmoa da, koadrila-giroko harremanak euskalduntzeko ahalegina egiten ari dena.
2006an bi talde izan ditugu, bata Pasai Antxon eta bestea Pasai Donibanen. Oinarrian, gazteentzako aisialdi-eskaintza da eta ostiralero biltzen ditugu gazteak 2 ordu eta erdiren bueltan, hainbat ekintza egiteko.

Mintzalaguna egitasmoak, berriz, euskaldun berrientzat euskaraz aritzeko guneak sortzea du helburu eta Udal Euskaltegiarekin elkarlanean lantzen dugu.
Bikoteka edota hirukoteka elkartzen ditugu, euskaldun zaharrak eta euskara ikasten ari direnak, astean ordu betez-edo, mintzapraktika egiteko.
Urtean zehar bizpahiru mendi irteera ere egiten ditugu ekintza osagarri gisa.

Motibazio-saioak gazteentzat. Egitasmoaren helburua gazteak euskararen aldeko pertsona aktibo bilakatzea da.
Ikastetxeetako DBHko 3. eta 4. mailetako gazteekin egiten ditugu saiook, gelaka.
Jardueren eta jolasen bidez, Pasaiako euskararen egoeraren berri ematen diegu gazteei eta beraien hizkuntza-jokabideei buruzko hausnarketa kolektiboa sustatzen dugu. Beraiei ere, bide batez, euskaren normalizazio-lanean inplikatzeko bideak eskaintzen zaizkie.

Guraso Txokoak. Helburua helduek haurrekin jolasteko euskal jolasak eta beste hainbat gauza irakastea da.
“Izan zaitez haur euskaraz biziz ” programa gauzatzen dugu ikastetxeetako gurasoekin.

Gure egitasmoekin bat egiten duenak edota beste proiekturen bati ekin nahi dionak hemen topatuko gaitu.

Harremanetarako bideak:

Abaraska Euskara Elkartea.
Helbidea: Euskadi Etorbidea, Trintxerpeko Azoka z/g, 20110, Pasaia.
Harremanetarako telefono-zenbakiak:* 943 39 10 00 * 677 606 614.
Helbide elektronikoa: abaraska@topagunea.com


| Donibane Kalea , 19 - (20110). Telefonoa:943 344034, Faxa:943 515447 | © Pasaiako Udala. IFK P2006900-A