Pasaiako udalerria, historikoki, aski berriki eratua da, 1805ean, hain zuzen, baina San Pedroko eta Donibaneko hiriguneak askoz lehenagokoak dira. Bi barruti horiek badiako urek ematen dioten itxura orografiko berezira egokitu dira historian barrena. Baditugu horren froga idatziak; esaterako, Donostiaren eta Hondarribiaren fundazio-aktetan ageri diren aipamenak.
Mende batzuetan zehar, ekialdeko Donibane Hondarribiaren menpe egon zen; mendebaldeko San Pedro, berriz, Donostiaren menpe. Baina Donibanek, 1770ean, Hondarribiarekin zuen lotura eten zuen. Geroago, 1805ean, Pasaiako udalerria sortu zen, Errege Dekretu baten bidez: lehendik aske zegoen Donibaneri Donostiaren menpe zegoen San Pedro batu zitzaion, eta badiaren inguruan zeuden hainbat lur eta eskubide bereganatu zituzten.
Ez da zaila asmatzen zer interes zeuden erabaki horien atzean: kaiaren gaineko eskumenak batzeko interesak, bertan garatzen zen jarduerak jurisdikzio bakarra izatearen nahia eta abar.
Aurrerago, XIX. mendearen erdialdetik aurrera, hainbat azpiegitura sortu eta sendotu ziren heinean (hala nola, N-1 errepidea eta trenbidea), beste barruti bat sortu zen 1890ean; Antxo, hain zuzen.
Jada XX. mendean, laugarren barrutia batu zitzaien aurreko hiru barruti horiei: Trintxerpe. Mendearen erdialdera, arrantza-sektoreak etorkinak behar izan zituen eta behar horiei erantzuteko sortu zen Trintxerpe.
Gure herriaren historian aipatzeko modukoa da, nola ez, zer eragin izan duten arrantza- eta ontzigintza-industriek, XX. mendean beste sektore batek haien lekukoa hartu zuen arte; burdingintzak, hain zuzen. Hala ere, ohiko sektore horien gainbehera nabaria izan da azken hamarkadetan eta Pasaia bere lekua berreskuratu nahian dabilen herri bihurtu da.
Arlo horiek guztiek eragin handia izan dute Pasaiaren historian, sorreran, nahiz bilakaeran, eta, horien bidez, Gipuzkoako herri ezagun eta garrantzitsu bihurtu da. Ezagunak dira barruti historikoak, eta haien edertasunak eta kaleen osaera bereziak ospe handia ematen diete.
Erromatarren garaian Arditurriko meatzeetako mea itsasoratzeko Oiartzun ibaiaren bokalean egindako jardueren zantzuak alde batera utzita, XII. eta XIII. mendeetara arte itxaron behar dugu Pasaiako portuan egindako itsas eta merkataritza-jardueren berri izateko. Gipuzkoako herriei eta, zehatzago, itsasertzean zeudenei foruak emateak lagundu egin zuen itsas jarduerak suspertzen; izan ere, merkataritza-salerosteak egiteko hainbat onura eman zitzaizkien. Esate baterako, Pasaiako badian, lurraldeko burdinolen ekoizpena eta Nafarroako artilea ontziratzen ziren Erdi Aroan, eta ontzietatik Europako aleak eta manufakturak ateratzen ziren. Enbatetatik eta ekaitzetatik babesteko leku segurua zen eta, gainera, itsasontziak egiteko eta armez hornitzeko nahiko azpiegitura ona zuen. Bestalde, itsasbazterreko arrantza tradizionala eta balea-harrapaketa sendotzeaz gain, arrantzategiak ezarri ziren hainbat tokitan; esaterako, Britainiar Uharteetan. Harremanak zituzten Ipar Itsasoko herriekin eta salgai-trukean aritzen ziren (Gaztelako artilea eta oihalak edo aleak). Garai hartan, portuaren gaineko eskumena ez zen portuko itsasbazterreko ezein herrirena; izan ere, Donostiaren foruan sartua zegoen. Gerora, gainera, Donostiaren eta Hondarribiaren artean banatu zuten.
XV. mendearen hondarrean, Donostiak indartu egin zuen bere posizioa, San Pedron dorre bat eraikita; dorrean portu-zaintzailea ere jarri zuen.
XVI. mendetik aurrera, Pasaiako portuaren jarduera batez ere Koroarentzako ontzigintzan murgildu zen, baita Ternuan baleak eta bakailaoak harrapatzeko ontzigintzan ere. XVIII. mendean, berriz, salerosketan murgildu zen koloniekin, eta Pasaiako portua Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarraren eta Filipinetako Errege Konpainiaren egoitzetako bat izan zen mende amaieran. XIX. mendean, berriz, Norteko trenbidea porturaino heldu zen, baita Irunera zihoan errepide nazionala eta tranbia ere, eta orduantxe ekin zion portuak modernizatzeari. XX. mendean, industria astunaren salerosketa nagusitu zen, eta itsas zabaleko arrantzaren urrezko aroa izan zen, joan berri zaigun mendearen azken hogeita hamar urteetan behera eta behera etorri denarena, hain zuzen.
Pasai Donibane. Kale bat nabarmentzen da ezker-eskuin badiako uraren eta mendiaren artean, eta hainbat eraikin kalearen alde banatan, batzuk balio handikoak.
Joan Bautista Arizabalo Darieta. Itsas kapitaina eta Pasai Donibaneko gobernatzailea 1747an; Karlos III.a erregeagandik Pasai Donibaneren independentzia lortu zuen.
Joan Arizabalo Mendizabal. Pasai Donibanen jaio zen 1793an, eta Ameriketan jarraitu zion arma-karrerari.
Joakin Maria de Ferrer. San Pedron jaio zen 1777an. Merkataritza-karreran aritu zen eta, besteak beste, diputatua izan zen Espainiako Gorteetan, baita Madrilgo alkate eta estatuko ministro ere. Bere azken urteak sorterria defendatzen eman zituen, batez ere, portuaren garbiketa defendatzen.
Joan Manuel Ferrer Kafranga. 1769an sortua. Erroman ministroa izan zen eta San Joango parrokiaren ongilea.
Antonio Iñarra. XIX. mende amaierako poeta.
Francisco Laboa Echegaray. Herritarrentzat, Matxet. 1920an eta 1924an, estropada-irabazle.
Blas de Lezo. 1689an jaio zen. Itsas Armadako teniente jenerala izan zen, Vernon almirante ingelesaren aurka 1741ean Cartagena de Indias defendatu zuelako famatua.
Mateo Martiarena. Caracaseko Errege Konpainia Gipuzkoarreko ontzien hartzailea. Udaletxea eraikitzeko behar zen dirua eman zuen maileguan.
Andrés Trecet. Zesta-puntan jokatzen zuen. 1938an hil zen.
Victor Hugo. Poeta erromantiko honek egun batzuk eman zituen Pasai Donibanen. Bizi izan zen etxea museoa izan zen lehenbizi. Gaur egun, kultura-ekitaldietarako erabiltzen da.
La Fayette. 1777an, Pasaiako portutik itsasoratu zen, Ameriketako Estatu Batuen independentzia-gerran parte hartzera.